Europar Batasunean, areagotzen ari dira migrazio-bideetan atzemandako pertsonak atxilo edukitzeko eta bizkorrago deportatzeko baliabideak; izan baliabide legalak, izan azpiegiturak. Eta badirudi, gainera, Europar Batasuneko mugetatik kanpo ere sortu nahi dituztela deportazioak azkarrago egin ahal izateko instalazioak, "hirugarren herrialdeetan", alegia. Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek, hain zuzen ere, proposamen bat egin die estatu kideei: "legez kanpoko" pertsona immigranteak deportatzeko zentroak sortzea, Europar Batasunetik kanpo.
Buru alemaniarrak esan du horretarako "bide posibleak" bilatu beharko liratekeela, eta gutun baten bidez proposamena helarazi die jadanik Batasuneko 27 estatuei. Asmoa da Europar Batasunera iristea lortu duten pertsona migratzaileak Batasunetik kanporatzea, horretarako eraikitako deportazio-zentro batzuetara, hain zuzen ere. Euren kontrako espedienteak tramitatu bitartean, zentro horietan egongo lirateke gatibu. Aurretik ere antzeko proposamenak egon dira, baina atzera bota izan ditu Batasunak, iritzita asilo-eskatzaileen eskubideak urratzen zirela.
Deportazio-zentro horiek sortzeaz gain, pertsona migratzaileak kanporatzeko prozesua azkartu nahi du Von der Leyenek. Immigratutako pertsona bat delitu batengatik zigortu badute edota nolabait "segurtasunerako mehatxu bat" dela irizten bada, kanporatze-prozesuak irmoagoak eta azkarragoak izan daitezela ere eskatu du.
Presidenteak abenduan ekingo dio bere bigarren agintaldiari, eta aurreratu du "Mediterraneoaz" arduratzeko kargudun bat izendatuko dutela; itxura denez, pertsona migranteen kontrako neurriak erreformatzeko eta sendotzeko. Eta badirudi, bestalde, "hirugarren herrialde seguru bat" zer den ere zehaztuko dutela hurrengo urtean zehar; asilo-eskaeren inguruko ebazpenei zuzenean eragiten dien auzi bat.
Italia, eredu Von der Leyenentzat
Aipatutako gutunean, Europako Batzordeko buruak eredu modura goraipatzen du Giorgia Meloniren Italia. "Italia
eta Albaniaren arteko protokoloaren operazioen hasierarekin, praktikan dagoen esperientzia honetatik ikasi ahal izango dugu", dio Von der Leyenek. Italiako Gobernuak bi atxikitze-zentro eraiki ditu Albanian, pertsona migranteak atxilo edukitzeko eta gero haiek deportatzeko. Albaniako Gobernuaren arabera, halako eskaera gehiago ere jaso ditu, nahiz eta momentuz ezetz esan dien.
Zigor bidez
Europako Parlamentuak joan den udaberrian onartu zuen Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna; besteak beste, pertsona migranteen aurkako hainbat jazarpen-praktika legeztatuz, mugetako kontrolak areagotuz eta hainbat herrialdetatik Europara immigratzea zailduz. Von der Leyenek estatu kideei bidalitako azken idatzian, aipatzen du itun hori aplikatzen hasi behar dutela.
Batzordeko presidenteak, gainera, hainbat herrialderekin akordio zabalak lortu nahi ditu (hala nola Marokorekin eta Egiptorekin): nolabaiteko laguntza eskainiko omen die, estatu horietako agintaritzek euren migrazio-fluxua "kontrolatzearen" truke. Bestalde, Batasuneko estatuak bultzatu ditu deportazioak burutzea ahalbidetzen ez duten "hirugarren herrialdeak" zigortzera; bai "bisatuen politikaren" bitartez, bai "eremu komertziala bezalako beste arlo batzuen" bitartez.