Atxilotutako pertsonen lurralde-jatorria jakinaraziko du Donostiak Udaltzaingoak, EAJ buru duen udalak jakinarazi duenez. Udalak argudiatu lehendik ere ematen diela atxilotuei buruzko informazioa epaitegiei, jatorria barne, eta horren "eboluzio naturala" dela datu horiek publikoki zehaztea. "Gardentasun ariketa" gisa saldu du erabakia udal-gobernuak.
Eusko Jaurlaritzak iazko udazkenean erabaki zuen Ertzaintzak atxilotuen lurralde-jatorriaren berri ematea, Vox alderdi faxistaren eskaerari men eginez. Erabakia kritikatu zuten arrazakeriaren aurkako hainbat kolektibok, Ertzaintzak "eskuin muturraren diskurtsoari lagunduko" ziola salatuz: "Ebidentzia bat da, inplikatutako pertsonen jatorria seinalatzen denean, irudi hori orokortu egiten dela jatorri hori partekatzen duten pertsona gehienengan". Arartekoa, bitartean, Ertzaintzaren jarduteko modu hori ikertzen ari da, Berria-k jaso duenez.
Behin Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aurrekari hori jarrita, erabakiarekin bat egin du Donostiako Udalak, eta pertsona etorkinen kontrako diskurtsoa elikatzeko beste pauso bat emango du. Bilboko (EAJ) eta Gasteizko (PSOE) udalek, momentuz, ez dute atxilotuen jatorria jakinaraztearen alde egin. PPk egin zuen horretarako eskaera Bilbon, eta PPk eta EAJk Gasteizen.
Donostiako Udala: desalojo masiboak eta adierazpen arrazistak
Udaltzaingoak hainbat delitugatik atxilotutakoen jatorria azaltzea ez da erabaki solte bat: pertsona migranteen aurkako diskurtsoa gogortzen eta erradikalizatzen ari da udala, EAJren biraketa orokorraren barruan. Eneko Goiak, Donostiako alkatetzan egon zen azken hilabeteetan, adierazpen gogorrak egin zituen immigrazioaren aurka. Hala zioen iazko udazkenean: "Immigrazioaren eskutik desagertzea erabaki dugu. Hori horrela da, eta hala esan dut Donostiako biztanleria atzerritarrari buruz eman ditudan datuetan". Argi hitz egin zuen, gainera, "delituak egiten dituzten errotu gabeko pertsonak euren jatorrizko herrialdera kanporatzeari" buruz.
Goiaren lekukoa hartu duen Jon Insaustik ildo beretik jarraitu du, etorkinen aurkako diskurtsoa indartuz: "Delituak behin eta berriz egiten dituenak kartzela edo kanporaketa izan behar ditu". Eta diskurtsoez harago, egoerarik zaurgarrienean dauden pertsona migratzaileen aurka ekiten ere ari da EAJren udala, kale-egoeran dauden ehunka gazte etorkin desalojatzen ari baita euren bizitokietatik: desalojo-prozesu masibo bat hasi du Donostialdeko fabrika abandonatuetan, jendetza alternatibarik gabe etxegabetuz. Insaustik berak hala ospatu zuen Martutenen, iazko abenduan, 100 lagun baino gehiago kaleratu izana: "Martutenen korapilo bat zegoen, eta askatu egin dugu".
Horri guztiari, noski, desalojoak justifikatzeko diskurtso batek laguntzen dio, kaleratutako pertsona etorkinak etengabe seinalatzen dituena. Aurreko hilean, udalak Herrerako Zardoya Otiseko bost eraikin botatzeko agindua eman zuenean, "bizikidetza-arazoak" edo "segurtasun falta" eternala aipatu zituen Insaustik, fokua fabrika abandonatuetan bizi diren gazteengan jarriz.
Badirudi hiri handiak izaten ari direla EAJk bere diskurtsoa erradikalizatzeko fokuetako bat, eta Donostia dago horren berehalako abangoardian. Jeltzaleen biraketa xehe aztertu zuen Leyre Irure Sierrak GEDAR LANGILE KAZETAk argitaratutako erreportaje honetan.