ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/03 11:33

Mugimendu Sozialistak gune berri bat ireki du Baionan (Lapurdi): Herriko Etxearen jabetzako Atalante zinema birjabetu du, bost urtez hutsik egon ondotik. "Bertan jarduera politiko, sozial eta kulturalak gauzatzen hasiko gara", jakinarazi du Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Gaur aurkeztuko du espazioa jendaurrean, arratsaldeko 19:00etan. 

Kontseilu Sozialistaren esanetan, hainbat helbururekin okupatu du gunea; hala nola, "geroz eta bortitzagoa den ordena kapitalista inposatzeko eta mantentzeko funtzioa duten instituzioengandik independenteki antolatzeko". Izan ere, gogorarazi du "frantziar estatuaren partetik gure bizi-baldintzen kontrako erasoek gogor segituko" dutela ikasturte honetan, "gerlak eta sarraskiak" biziagotzen ari direla, eta "erreakzioa zein faxismoa hedatzen" ari direla. "Inpotentzia egoeratik ateratzeko, klase gisa antolatu behar dugu, ezin baitiogu indibidualki aurre egin basakeria horri, eta instituzio kapitalistengandik independenteki antolatzeko, horrelako azpiegiturak beharrezkoak dira; elkartzeko, kolektiboki pentsatzeko eta borrokak antolatzeko", aldarrikatu du. Horiek horrela, Baionako espazio berria "asanblada, bilkura, formakuntza eta eztabaidarako azpiegitura" izanen da.

Asmo zehatzei dagokienez, Kontseilu Sozialistak azaldu du, besteak beste, liburutegi txoko bat eta oinarrizko produktuen bilketak eta banaketak antolatuko dituztela bertan, "klase-elkartasunaren printzipiopean". "Tailer praktikoak eta kultur-eskaintza" ere izango dira, eta "borondatea duen orok bertan antolatuak izanen diren jardueretan ekarpenak egiteko aukera ukanen du". Gaineratu du, hala, "kolektibo ezberdinekin elkarlanean aritzeko aukera" emanen duela espazioak.

NO HAY COMENTARIOS