ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Physisen hitzaldia itxialdian zehar. FOTOGRAFÍA / @PhysisUCM (Twitter)
2023/03/24 13:26

Atzo, martxoaren 23an, ehunka ikasle elkartu ziren ziren Madrilgo Complutense Unibertsitateko (UCM) itxialdi batean, Ikasle espazioen aurkako ofentsibari ez lelopean. Filosofia eta Filologia Fakultateko Physis asanbladak egin zuen deialdia, azken hamarkadan Madrilgo unibertsitateetan "ikasleriaren espazio propioen kontrako oldarraldi orokortua" gauzatzen ari dela salatzeko, horrek ikasleriaren "apatia, desafekzioa nahiz desmobilizazioa" erraztu dituelarik.

20:00etan eman zioten hasiera egitarauari, hainbat unibertsitatetako ikasleek bat eginik: UCM bertakoak, Universidad Rey Juan Carlosekoak edota Universidad Autonomakoak. 21:00etan ekin zieten solasaldiei, Unibertsitate publikoaren funtzio sozialaz, Ikasle mugimenduaren krisiaren inguruko oharra eta URJC unibertsitateko egoera izenburupean. Ondoren, afaltzeko zein aisialdirako eskaintza izan zen.

Gaua fakultatean igaro ondoren, manifestazioa egin dute gaur errektoretzaraino, Ikasle, berreskuratu zure espazioak! aldarriaren pean. "Aurretik geratzen zaizkigun zeregin eta borroka ugariei aurre egiteko lehen urratsa", azaldu dute sare sozialetan.

Ofentsiba hezkuntzan

Unibertsitateko autoritateek "ikasleriaren aisialdirako iniziatiba autonomo oro" oztopatu dutela azpimarratu zuen Physisek itxialdia iragartzeko irakurketan. Horrekin batera, "presentzia polizialaren gorakada gogorra" ere salatu zuen eragileak. Gogora ekarri dutenez, indar polizialek esku-hartze izugarriak egin dituzte azkenaldian UCMn; Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Komunitateko lehendakaria campusera bertaratu zenean edota Israelgo enbaxadorea Filologia fakultatean izan zenean, esaterako. Azken horretan, Mossad Israelgo Estatuaren inteligentzia-zerbitzuko agente batek protestan ari ziren ikasleen aurrean pistola atera eta haiengana zuzendu zuen.

Physisen hitzetan, "azken urteotan Madrilgo unibertsitateek egin duten pribatizazio- eta burokratizazio-prozesuari erantzuten dioten ikasleen antolakuntza independentearen kontrako errepresio kasuak" dira gertakari horiek. "Unibertsitatearen funtsezko zerbitzuen degradazioa" ere seinalatu dute, "errentagarritasun ekonomikoaren logikaren menpe dagoena". Horren adibide, lan-kaleratzeak, enpresa handiek zerbitzu desberdinak eureganatzea nahiz prezioen garestitzeak.

Antolakuntza independenterako deia

Aipaturiko problematiken aurrean, ikasleria "erabakimen ahalmenik gabe" dagoela identifikatu dute. "Errentagarritasun-irizpideei soilik erreparatzen dieten unibertsitate-erakunde gero eta errepresibo eta burokratiko batzuen eta etorkizuneko enplegagarritasunaz gain beste interesik zaintzen ez duen ikasle-ordezkaritza etxekotu baten artean, ikasleok ez dugu gure antolakuntza bera beste tresnarik", diote.

Baina ez hori bakarrik, Physis antolakuntzarako deiaz harago doa: "Egungo krisi egoeran eta ikasle mugimenduaren eragingabetasun politikoan, antolakuntzara dei egitea ez da nahikoa: erakunde horren formaz galdetu behar dugu. Izan ere, jakitun dira ikasle mugimenduak azken hamarkadetan hutsune estrategikoak izan dituela, eta horrek, Physisen esanetan, "dinamika gogoetagabe, lokalista eta erreformistan" izan du bere adierazpena, "ez dena gai pentsatzeko zer eskainirik ez duen mundu bateko erakunde zaharkituak hobetzea baino".

Gauzak horrela, helburu bat jarri diote euren buruari: "ikasle mugimendu bat eraikitzea, botere independente baten garapena lortu nahi duena, eta bere gatazkak aukeratzeko eta estrategia eta helburu propioez hornitzeko gai izango dena". UCMko zein Madrilgo ikasleriari dei egin diote zeregin hori bere egin dezan.

Bide horretan lehen pauso gisa, lau puntuko aldarrikapen taula bat plazaratu dute: "Presentzia polizialaren amaiera", "espazioetara sarbide-murrizketak amaitzea", "ikasleen eskubide politikoen aurkako ofentsiba gelditzea" eta "ikasleriaren erabakitzeko ahalmena handitzea". Puntu horiek UCMko errektoretzari aurkeztu dizkiote, eta horiek bete ezean, "hurrengo itxialdia errektoretzan bertan izango dela" ziurtatu dute ikasleek.

NO HAY COMENTARIOS