ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/04/30 14:12

Gaur, Langileon Nazioarteko Eguna, M1: Oroimena, askatasun politikoak eta langile antolakuntza izenpean argitaratu du adierazpena Gazte Koordinadora Sozialistak. "Egun honen mende bat baino gehiagoko historian azentua elementu desberdinetan jarri bada ere, sakoneko auzia langileriaren gaineko dominazioaren amaierari lotua egon da beti", azpimarratu dute GKSko kideek.

Gogora ekarri dute aurtengo Maiatzaren Lehena zein testuingurutan etorri den: "Covid-19-a klase borrokaren joko-zelaia moldatzen" ari den unean, eta proletariotza osoa "diziplina eta obedientzia gogorrenera behartua" izaten ari den unean. Gainera, GKSk nabarmendu duenez, egungo egoerak "beste behin" erakutsi du "indar korrelazioa burgesiaren blokeen (une honetan batez ere bloke finantzarioen) aldekoa" dela, baita "beren ordena mantentzeko edozertarako gai" direla ere.

ASKATASUN POLITIKOEN AUZIA

Maiatzaren Lehenean "langileriak kaleak hartzerik" izango ez duen honetan, "izpiritu iraultzailearen aldarria" egitearekin batera, askatasun politikoen auzia nabarmendu du GKSk, "langile borrokaren elementu estrategikoa" izango delakoan.

Askatasun politikoen auziak "dominazio-harreman ororen ausentziari" erreferentzia egiten diola azaldu du koordinadorak; "hau da, opresio politikorik gabeko harreman sozialen gauzapenari". Hortaz, "langile mugimenduaren printzipio orokor bat" izango litzateke askatasun politikoa, "printzipio bezala", "dominazio kapitalistaren eta bertatik elikatzen diren subordinazio eredu sozial guztien suntsipena" adierazten duena.

Hala, mundu mailako osasun-krisialdiaren testuinguruan "kolpetik langileriaren eskubideak eta antolakuntzarako bitartekoak ezabatu" diren honetan, "politika proletarioaren garapenerako askatasunek" ("askatasun politikoek pluralean"), langileriarentzat "garrantzia estrategikoa" dutela dio GKSk.

LANGILE KONTROLAREN ORDEZ, LANGILERIAREN GAINEKO KONTROLA

COVID-19ak ireki duen agertokian "langileriaren gaineko kontrola areagotuko dela" azalduta, "askatasunen aldeko borroka" lehenetsi du GKSk. Besteak beste, "adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna, proletariotza zelatatzeko eta behatzeko kameren eta bestelako zaintza eredu modernizatuen ezabapena, egiazko informaziorako eskubidea, polizia gehiegikerien eta beraien inpunitatearen amaiera, kaleen desmilitarizazioa, manifestatzeko askatasuna, edota protestarako eta grebarako eskubidea" aldarrikatu ditu.

"Askatasun politikoak eskuratu, babestu eta uneoro horien eremua handitzen joan behar da langileria", gaineratu du koordinadorak: "Hori da, hain zuzen, sozialismoak inplikatzen duena; ez utopia abstraktu bat, baizik eta askatasunen handitze etengabea eta horien ezarpen erreala, termino ekonomiko, politiko eta sozialetan".

SOZIALISMOA, GIZARTEA ASKATASUNEAN ERAIKITZEKO AUKERA BAKARRA

Izan ere, horren "kontrara", "estatu burgesean ez dago eskubide eta askatasunen bermerik", "burgesiaren boterea uneroro gainjartzen baita jendartearen eskubide murritzen eremuari", Gazte Koordinadora Sozialistak ohartarazi duenez. Sozialismoak "printzipio gisa askatasunen eremua handitu eta babesten" duen bitartean, "gizarte burgesean", "langile mugimendu indartsuen presioaren efektu gisa" eman edo kentzen ditu askatasunak burgesiak, eta beraz, "behin-behineko izaera" dute.

Hortaz, konfinamendua hasi aurretik "gehiengoaren askatasunen ukapena egiazkoa bazen", COVID-19aren agerpenak egoera "muturreraino areagotu" duela diote GKSko kideek, joera "orokorrago" bati erantzunez: "Krisi kapitalistak dakarren gizarte kapitalistaren berregituraketa testuinguruan, egiturazko aldaketa ekonomikoekin (proletarizazioa) batera, aldaketa politiko eta sozialak (askatasun politikoen murrizketa eta ezabapena) datoz".

Horren aurrean, Alderdi Komunista aldarrikatu du GKSk, "erlazio sozial kapitalisten suntsipenerako antolatzen den proletariotza" modura. Bide horretan, "herri ezberdinetako langileen arteko elkartasuna eta langileriaren interes unibertsalen aldeko borroka" galdegin ditu.

- Irudietan ikus daitezke Azpeitia (Gipuzkoa), Gasteiz (Araba), Hernani (Gipuzkoa), Laudio (Araba), Lekeitio (Bizkaia), Legutio (Araba), Lizarra (Nafarroa), Tolosaldea (Gipuzkoa), Zarautz (Gipuzkoa)...