"Bizi-baldintza berdinen aldarrikapena norabide estrategikotzat" hartuta, jardun politikoa garatzeari ekin dio Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Dinamika berri bat abiatu du asistentzia lanei lotuta, Emakume langileon ardura izatetik, asistentzia lanen sozializaziora lelo hartuta. Nagusiki, kalitatezko asistentzia zerbitzu doako eta unibertsalak aldarrikatu ditu Itaiak.
Kanpainaren aurkezpenean, krisi testuinguruari erreferentzia eginez, "baldintza ekonomikoen beherakadak, langileria gero eta kapa zabalago baten pobretzea eragingo duela" aipatu dute Itaiako kideek, eta horren ondorioz, "kudeaketa pribatuko zerbitzuen irisgarritasuna gero eta mugatuagoa" izango dela langile klasearen zati handienarentzat. Horrez gain, "zerbitzu publiko edo estatu-zerbitzuei dagokienez, zerga ekarpenaren beherakadak, horietarako inbertsio soziala ere jaitsi egingo duela" ohartarazi dute eta, beraz, "zerbitzu horiek pribatizatzeko edo forma kontzertatuan antolatzeko hautua nabaria izango dela".
ONDORIOAK
Horren guztiaren ondorio izango da, Itaiako kideen esanetan, aipatutako zerbitzuak bermatu ezin dituzten langile sektore zabalek haien etxeetan sostengatu beharko dituztela lan horiek, funtzio hori "emakume langilearen gain jausiko direlarik". Gainera, "funtzio erreproduktiboak gure zapalkuntza betikotzen duela" azpimarratu du Itaiak.
"Emakumeok funtzio horietatik askatuko gaituzten lan banaketa eraginkorrak proposatzearen" beharrezkotasuna azpimarratu dute, hortaz, Itaiako kideek. "Gizartearen erreprodukziorako beharrezkoak diren jardunak gizarteak bere gain hartu behar dituela" aldarrikatu dute; era berean, "guztiontzako kalitatezko baldintza berdinetan antolaturiko zerbitzuak behar ditugula" eta, beraz, "prozesu sozialistaren betebeharretako bat", hain zuzen, "lan prozesu horien guztien kalitatezko sozializaziorako aukera errealak garatzea dela" ondorioztatu dute.