Absolbitu egin dute Arrasaten (Gipuzkoa) emakume bat birritan bortxatzeagatik auzipetutalo gizonezkoa. Fiskaltzak 26 urteko kartzela zigorra galdegin zuen, eta akusazio partikularrak, 29 urtekoa.
Urtarrilaren 29an izan zen ahozko judizioa, eta gizonezkoak adierazi zuen "baimendutako sexu-harremanak" izan zirela. Ez deklaratzeko eskubidea gauzatuz, emakumea ez zen epaitegira deklaratzera bertaratu. Epaiaren arabera, testuinguru honetan ezinezkoa da emakumearen lagun eta senideek egindako adierazpenak kontuan izatea, ez zutelako erasoa modu zuzenean ikusi.
Hala, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 10 hilabeteko zigorra eta urruntze-agindua ezarri dizkio bortxatzaileari, bortxaketa akusazioa baztertuta eta "etxeko ez-ohiko indarkeria" leporatuta. Izan ere, erasotzaileak aitortu duen bakarra izan da bikotekide ohiari iletik tira egin ziola eta harekin "borrokan" aritu zela.
Bi urte atzera
2018. urteko otsailaren 14an gertatu zen erasoa, emakumezkoak lan egiten zuen etxebizitzan. Bikotekide ohia etxera sartu eta bitan bortxatu zuen emakumea, kontra egiten saiatu arren. Ondotik, erasotuari mehatxu egin zion gizonezkoak, haren anaia hilko zuela esanez.