ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/20 10:25

Badirudi ez daukala atzera-bueltarik Europan azken urtean etenik gabe larriagotu den gorakada belikoak. Mendebaldeari dagokionez, besteak beste, aparatu politiko-militarrak berrarmatzen ari da oligarkia; bereziki, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea delakoa, NATO modura ezaguna dena. Estatu kideak gelditu gabe ari dira inbertsio militarra areagotzen eta gerrarako indarretara bideratutako partidak handitzen, Espainiako Estatuko nahiz Frantziako Estatuko azken aurrekontuek erakusten duten modura.

Erakunde publikoek hamarkadak daramatzate, zuzenean nahiz zeharka, gerra finantzatzen. Zuzenean, adibidez, "defentsara" bideratutako aurrekontuak indartuta; eta zeharka, besteak beste, armagintzan jarduten duten hainbat enpresa finantzatuta eta bultzatuta. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, 90eko hamarkadan utzi zion "arma laburrak" ekoizten zituzten enpresei dirua emateari, baina aeronautika enpresei erreparatu zien orduan: Jaurlaritzak diruz lagundu zuen, esaterako, ITP Aero eta Aernnova (lehen Gamesa zena) martxan jartzea. Sektorea sendotuko zuen enpresa azpikontratisten sare oso bat ere sustatu zuen.

Gaur egun ere armak ekoizten jarraitzen dute Euskal Herrian kokatutako hainbat enpresak; ehunka dira arma industriarekin lotura zuzena daukaten Euskal Herriko negozioak. Ezaguna da, esaterako, ITP Aero, Aernnova, Orbital Critical Systems nahiz SAPA enpresek armen ekoizpenean daukaten parte-hartzea. Sektore aeroespazialean aritzen dira ITP Aero, Aernnova eta Orbital Critical Systems, eta ibilgailu militarrak egiten ditu SAPAk.

Gerraren konplize zuzenak

Horri guztiari lotuta, azken egunetan lau enpresa horiek markatu dituzte Euskal Herrian. Zehazki, margoketak agertu dira ITP Aeroren Barakaldoko (Bizkaia) egoitzan, Aernnovaren Gasteizko (Araba) egoitzan, Orbital Critical Systemsen Artikako (Nafarroa) egoitzan eta SAPAren Andoaingo (Gipuzkoa) egoitzan. Besteak beste, "Gerraren negoziari ez", "Gerraren konplizeak" eta "Kolaboratzaile" mezuak irakur daitezke pintaketetan. Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean mobilizatzeko deiak ere ikus daitezke.

Egun horietarako, hain justu, mobilizazioak antolatu dituzte Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek, NATOren kontra, gerra eta basakeria kapitalista gelditu lelopean. Baionan (Lapurdi) izango da manifestazio bat martxoaren 31n, eta Iruñean (Nafarroa) eta Gasteizen, berriz, apirilaren 1ean.

NO HAY COMENTARIOS