Arabako eta Bizkaiko anbulantzietako langileek, zerbitzua Grup La Pau enpresaren esku zegoenean, denbora luzez seinalatu zituzten askotariko urraketak eta gabeziak. Lan-baldintzei zegokienez, soldataren ez-ordaintzeak salatu zituzten beharginek, besteak beste. Azaroan jakinarazi zuten Grup La Pauk ez ziela urriko soldata ordaindu, ez eta udako aparteko ordainsarien gehiengoa ere. Eusko Jaurlaritzak berriki onartu du urriko soldatak, azkenean, ez zituztela ez Grup La Pauk ez erakunde publikoek hartu euren gain, beste enpresa pribatu batek baizik.
Hasieran gertakariak ukatu bazituen ere, Jaurlaritzak aitortu du Ambulancias Gipuzkoa enpresak ordaindu zizkiela urriko soldatak Arabako anbulantzietako langileei. Gobernuak handik gutxira eten zuen kontratua Grup La Paurekin, askotariko irregulartasunak argudiatuta, eta beste enpresa batzuekin hitzartu zuen Arabako eta Bizkaiko anbulantzien zerbitzua. Ambulancias Gipuzkoa bera izan zen Arabako zerbitzuaren kudeaketa lortu zuena, Araba Anbulantziak izena hartuta, eta aldi baterako enpresa-elkarte bat sortu zuten (Bizknanb) Madrilgo Sanir Movilidad Sanitaria enpresak eta Ambulancias Baztan Bidasoa euskal enpresak, Bizkaiko zerbitzuaz arduratzeko. Bizkaiko beharginek ere salatu zuten dirua zor ziela Grup La Pauk, baina badirudi konpainia bera izan zela, azkenean, Bizkaian metatutako zorrak kitatu zituena; Araban ez bezala.
Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek, Eusko Legebiltzarrean gertakariei buruz hitz egitean, normaltzat jo nahi izan du une horretan Arabako langileei Ambulancias Gipuzkoak ordaindu izana soldatak, nahiz eta gobernuak ez zuen horretarako inolako akordiorik lotuta berekin. Martinezek esan du "bi enpresen arteko akordio bat" izan zela operazioa, baina aditzera emanda Jaurlaritzaren onespena izan zuela horrek.
Irakurri hemen aurten Asier Muñoz anbulantzietako langileari GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa.