ACTUALIDAD / Represión
Anbulantzietako bi langile atxilotu dituzte Bilbon, hainbat ibilgailu kaltetzea egotzita
Osakidetzak azpikontratatutako langileak iazko irailetik ari dira borrokan, euren lan-baldintzak hobetzearen alde. Tarte honetan, protesta modura, hainbat anbulantzia agertu dira hondatuta, eta hori aitzakiatzat hartu dute beharginen borroka kriminalizatzeko.
2024eko otsailaren 5
Anbulantzietako bi langile atxilotu dituzte Bilbon, hainbat ibilgailu kaltetzea egotzita

Ostegun goizean jakinarazi zuten anbulantzietako bi langile atxilotu zituztela eta ikerketapean daudela beste hiru, ustez, hainbat anbulantziari kalteak eragiteagatik. Iazko azaroan Zorrotzako (Bilbo, Bizkaia) baseko hainbat ibilgailu hondatzea egotzi diete; zehazki, Osakidetzak azpikontratatutako La Pau enpresaren zenbait anbulantziaren gurpilak zulatzea.

Osakidetzak azpikontratatutako anbulantzietako langileek ia bost hilabete daramatzate borrokan, euren lan-baldintzak hobetzearen alde. Nagusiki eskatzen dutena da euren baldintzak Osakidetzak zuzenean kontratatutako beharginen baldintzekin parekatzea, baina, momentuz, ez dituzte euren eskaerak bete.

Bilboko Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, langileek salatu dituzten baldintzen artean daude, besteak beste, "langile eta material falta, ibilgailu zaharkituak, zabor-kontratuak eta lanaldi luzeak". Zerbitzu publikoaren gehiengoa dago, une honetan, La Pau taldearen esku; Ambulancias Gipuzkoa enpresaren gain ere jarri zuen zerbitzuaren zati bat Osakidetzak.

Gatazka bete-betean, azken hilabeteetan, hainbat anbulantziaren kontrako sabotaje-ekintzak izan dira, protesta modura. Anbulantzietako beharginek jasaten dituzten lan-baldintza kaskarrei eta langileek borrokara jotzeko arrazoiei erreparatu beharrean, patronalak, erakundeek zein iritzi publikoak fokua aldatu dute: kaltetutako ibilgailuei eman diete garrantzia, langileen borroka kriminalizatzeko. Itxura denez, irekita jarraitzen du anbulantzietako protesta-ekintzen ikerketak.