Duela bost urte ireki zuten Amazonen logistika-lantegi bat Trapagaranen (Bizkaia), eta handik bi urtera hasi ziren lan-gatazkak bertan. Bai logistikako langileak bai banaketaz arduratzen direnak, kexu dira. Miseriazko lan-baldintzak salatu dituzten bakoitzean enpresaren jarrera oldarkorra izan da: grebalariak kaleratu, langileak zelatatzeko segurtasun-kamerak baliatu edota grebalariak ordezkatzeko aldi baterako enpresak erabili ditu.
Urtean zehar grebara jo dute Amazoneko langileek, lan-baldintzak hobetzearen alde. Izan ere, azaldu izan dutenez, soldata oso baxuak jasotzen dituzte, lan-erritmo altuak inposatzen dizkiete, lanaldi luzeak egiten dituzte eta lanordu osagarri ugari egin behar dituzte, besteak beste. Osotara 125 langile dira Trapagarango zentroan aritzen direnak, eta, aipatutako baldintzei aurre egiteko, hemezortzi lanuzte egin dituzte dagoeneko.
Jazarpen sindikala, langileak makurrarazteko tresna
Amazonek greba egiteko eskubidea urratu diela jakinarazi dute maiz langileek. Zentzu horretan, "jazarpen sindikala" salatu dute, LAB sindikatuarekin batera. Greba eskubidearen urraketak argiak izan direla diote; izan ere, lanuztera deitu duten bakoitzean saiatu da enpresa horien "inpaktua gutxitzen", Manpower aldi baterako enpresaren bidez langileak behin-behinean kontratatuz, bai eta "langileei banaka presioa eginez" ere.
Beharginen esanetan, gainera, enpresa "zigorrak ezartzen hasi" da, grebetan parte hartzeagatik. Antza, enpresak hamalau "zehapen-prozedura izapidetu" ditu jada, baina 2021ean iritsi zen zigor bat lehen aldiz, lehenengo grebaren ondoren, hain justu.
Zigor horiekin batera, "diziplina-erregimenaren erabilera maltzurra" seinalatu dute langileek, "arintzat" jotako gertaerei "zehapen larriak" ezartzen baitizkie enpresak. Besteak beste, soldata ez ordaintzea edo zuzenean langileak kaleratzea izan dira Amazonek erabilitako zigorretako batzuk.
Hori gutxi balitz, segurtasun-kamerak langileak jazartzeko baliatu ditu enpresak. Instalazioen barneko kameretako bideoak erabili ditu haiek zelatatzeko, eta, azpimarratu dutenez, Barakaldoko (Bizkaia) epaitegi batek Amazon zigortu du, "segurtasun-kamerak behar bezala ez erabili izanagatik".
Langile azpikontratatuak ere borrokan
Amazonen lantokiko langileak ez dira kaltetu bakarrak. Aurreko urteko azaroan, antolatzen hasi ziren paketeen banaketaz arduratzen zen Vayven Delivery enpresako langileak, lan-baldintza hobeen alde. Multinazionalaren erantzuna azpikontratazio hori deuseztatzea izan zen eta, horrekin batera, bidalketen enpresa ixtea, 23 langile kaleratuz. Halaber, ez zieten lanposturik eskaini Bizkaian Amazonentzat banaketak egiten zituzten gainerako lau enpresetan.
Beharginek salatu dute, hala, jazarpen sindikala ohikoa dela Amazon enpresan, baita Euskal Herritik kanpo ere. Ezagunak dira multinazionalaren erasoak eta, ohartarazi dutenez, Amazonen "enpresa-politika munduan hedatzen ari da". Eskubide sindikalen urraketei "ekintza sindikal gehiagorekin" erantzungo dietela esan dute.