Duela astebete itxi zuen bere finantza-bulegoa Madeira Invest Clubeko (MIC) jabeak. Joan den maiatzaren 27an, Europako hauteskundeak egin baino egun gutxi batzuk lehenago, inbertsio-enpresak 100.000 euro eman zizkion esku dirutan Alvise Pérez politikari faxistari. Espainiako Fiskaltza Orokorrari azaldu dio hori Álvaro Romillo enpresariak, bere finantziazioaren eta kontuen berri ematean.
Derrigorrezko aitorpena egitearekin batera, hainbat dokumentu eman dizkio fiskaltzari sare sozialetan Luis Cryptospain izenez ezaguna den enpresaburuak; besteak beste, Alviserekin izandako elkarrizketak. Hartu-eman horietako batek erakusten du, antza denez, Alviseri 100.000 euro eman zizkiola Sentinel BQ bulegoetan. Sentinel BQ zein MIC enpresen jabea da Romillo, eta diru-trukaketak sekretupean egiteko zerbitzua eman izan du lehenaren bidez.
Faxistak enpresariaren dirutza jaso zuela frogatzen dute euren arteko mezuek: Se Acabó la Fiesta (SALF) alderdia finantzatzeko, kriptomoneta erabiltzen saiatu ziren. Romillok lau wallet sortu zituen, kriptomoneta diru-zorro digitalak, alegia, eta Alviseren jarraitzaileek modu horretan izan zuten alderdia finantzatzeko aukera. 7.000 euro besterik ez zituen bildu, dena den, eta Alvisek ohartarazi zuen hori ez zela nahikoa "kanpainaren gastuei aurre egiteko". Egun gutxi batzuk geroago jaso zituen aipatutako 100.000 euroak.
Ezkutuan finantzatu zen Vox ere
Banku ezkutu batek, bestalde, hiru kreditu eman zizkion Voxi, azken bozetarako kanpainak diruztatzeko, besteak beste. 2023ko maiatzeko hauteskundeen aurretik 2,6 milioi euro jaso zituen alderdi faxistak; Espainiako Estatuko hauteskundeak baino lehen, beste 6,5 milioi; eta, aurrerago, beste 192.082 euro eman zizkioten.
Itxura denez, Viktor Orbán Hungariako lehen ministroarekin lotura duen banketxe batenak dira kredituak, baina entitate finantzarioa zein den isilean gorde du alderdi faxista espainolak. 2019an, Kontuen Auzitegiak 233.324,22 euroko isun batekin zigortu zuen Vox, legez kanpoko dohaintzak jasotzeagatik.