ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/06/03 07:53

Donostiako (Gipuzkoa) Altza auzoan, adin txikiko bi seme-alaba dituen familia bat etxegabetu nahi dute datorren ekainaren 13an, ostiralez. Familia horrek sei urte daramatza etxe batean alokairuan bizitzen, eta Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, etxearen jabe legalarekin izandako "gatazka luze baten ondorioz" dago arriskuan orain.

Izan ere, etxejabeak uko egin zion "kontratuaren arabera zegozkion funtsezko konponketa batzuk egiteari", eta konponketa horien kostua familiak bere gain hartu ostean, "alokairua bidegabeki igo" zuen, hilean 14 euro gehiago kobratzeko. Maizterrek ez zuten igoera hori onartu, baina hiru hilabete igarotzean eta familiak soilik 42 euroko zorra pilatzean, etxegabetze-prozesua jarri zuen martxan jabeak. Ekainaren 13rako dago ezarrita kaleratze-agindua.

"Familia egoera ekonomiko zaurgarrian egon arren, epaitegiak ez du etxegabetzeen aurkako moratoria eman", jakinarazi du Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Azaldu du, bestalde, etxejabea Altzan bizi dela eta "hainbat jabetzaren titularra" dela, "bai Donostian bai beste herri batzuetako gune turistikoetan ere, kostu handiko alokairuak ezarriz". "Hainbat errenta jasotzen dituen jabe handi batez ari gara, eta familia kanporatu nahi du irabaziak maximizatzeko", gaineratu du.

Etxegabetze guztiei aurre: deialdia ekainaren 9rako

Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak exijitu du etxegabetzea berehala gera dadila bertan behera, eta maizterrek jasaten duten "babes legal eta judizial eza" salatu du. "Irabaziak maximizatzeko familia langileak kanporatzeko moduaren kasu paradigmatikoa da hau. Sistema judiziala zaurgarritasun-irizpideak birkonfiguratzen ari da moratoria kopurua murrizteko asmoz, eta hori ondorio lazgarriak sortzen ari da", dio. Jakinarazi du halako "gero eta kasu gehiagoren" berri izaten ari dela, "eta familiek zaurgarritasun-baldintza guztiak betetzen dituzten arren", ukatu egiten dietela aitortza eta babes hori, "interpretazio judizialean izandako aldaketengatik".

Oraingoz, Altzako etxe-kaleratzea bide judizialetik gelditzen saiatzen ari dira sindikatuko kideak, baina ezinbestekotzat jo dute "gu antolatzea eta klase-elkartasuna artikulatzea". Hortaz dei egin dute "antolatzera, parte hartzera eta egoera hau salatzera", eta, horri lotuta, asanblada informatibo bat egingo dute ekainaren 9an, astelehenez. Arratsaldeko 18:30ean izango da, Altzako Casares Kultur Etxean.

NO HAY COMENTARIOS