ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/01 08:57

Altsasun (Nafarroa) duela bi hilabetetik dago martxan Udal azpiegiturak sozializatu kanpaina, Sakanako Gazte Koordinadora Sozialistaren eta Altsasuko Gazte Asanbladaren ekimenez. Udal azpiegiturei lotutako zenbait arazo seinalatu zituzten hasieran, eta azaldu dutenez, "gertatzen ari denaren diagnostikoa argia izan da lehenengo momentutik: azpiegituretan izaten ari den pribatizazioa dela-eta, langile klasea gutxinaka-gutxinaka azpiegituretatik kanporatua izaten ari da eta, hortaz, kirola egitea, udan igerilekura joatea, musika egitea edota azpiegiturek eskaintzen dituzten bestelako bizi-bitartekoak ukatzea da ondorioa".

Hala, diagnostikoa osatzeko "informazioa biltzen" eta informazio hori "zabaltzen" aritu dira azken hilabeteetan, eta sinadura bilketa bat izan dute abian: 838 altsasuarrek egin dute bat GKSren eta Altsasuko Gazte Asanbladaren kanpainarekin eta haiek egindako eskaerekin.

"Erantzun seriorik" ez

Altsasuko alkate Javier Ollok, dena den, "beste alde batera begiratu" duela salatu dute. Joan den asteazkenean prentsaurreko jendetsu bat egin zuten Ollo, erantzuna orain! lelopean, eta orduan jakinarazi zutenez, ekainaren 6an bildu ziren alkatearekin aurreneko aldiz. GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak mahaira ateratako "eskakizunak entzuteko" eta azpiegiturei lotutako arazoei "irtenbide" bat bilatzeko "prestutasuna" erakutsi zuen alkateak, baina horretan geratu zen bere erantzuna.

"Pasa den astelehenean sartu genituen sinadurak [kanpainari babesa eman dioten altsasuarrenak] udalean, eta jada hamabi egun igaro dira gure sinadura bilketari amaiera eman genionetik", zehaztu dute. Azken egunetan, baina, alkateak erakutsitako ustezko prestutasuna "itxurakeria hutsean geratzen" ari dela salatu dute GKSko eta Altsasuko Gazte Asanbladako kideek, alkateak ez baitu "erantzun seriorik" eman haiek aurkeztutako puntu eta eskaerei dagokienez. Gainera, ez du "negoziaziorako bilerarik egiteko prestutasunik" agertu: "Burokraten arteko bileretan eztabaidatzeko gai bezala hartu du guk egindako eskaera".

"Argi utzi nahi dugu gu garela, sinatu duten 838 altsasuarren oniritziarekin, negoziatzeko agenteak", aldarrikatu dute GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak: "Ez dugu utziko hilabete hauetan zehar lortutakoa denboran luza dadila edota burokraten bilera eta bulegoetan gal dadila". Hala, alkatearen "jarrera pasiboa eta autoritarioa" salatu zuten asteazkeneko prentsaurrekoan.

Ohartarazi zuten, bestalde, alkateak udaltzainak bidali zituela agerraldia egin zen tokira, hari zuzendutako pankartak kendu egingo zituztela esateko; izan ere, Ollo, erantzuna orain! zioten jarritako pankartek. Udaltzainek mehatxu egin zuten, gainera, esanez Guardia Zibilari hots egingo ziotela.

Aldarriei helduta

"Burgesiak langile klasearen aurka abiatutako ofentsiba baten aurrean" gaudela gogorarazi dute GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak, eta testuinguru horretan, "langileon bizi-baldintzak erasotuak" izaten ari direla. "Ofentsiba horren baitan kokatu behar ditugu, besteak beste, udalaren azpiegituren prezioen azken urteetako igoerak, dauden azpiegiturak eskuragarriak ez izatea, herriko talde ezberdinen artean lehiatu behar izatea, TAO ezarri nahi izatea, ikasleei behar bezalako baldintzak jarri nahi ez izatea, eta abar", seinalatu dute.

Hala, berriz egin diote dei udalari haiekin "negoziazio mahai bat ireki" dezan, eta haiek aurkeztutako "sei puntuei irtenbide bat eman" diezaien. "Ez dugu onartuko dinamika hau existituko ez balitz bezala egitea, horrek herriko sektore handi batek ikusitako problematikei entzungor egitea baitakar", gaineratu dute.

Ondokoak dira GKSk eta Altsasuko Gazte Asanbladak udalari exijitutako sei puntuak:

  1. "Udal azpiegiturak doakoak izatea", esaterako, kiroldegia edota Iortia Kultur Gunea.
  2. "Gure Etxea doakoa izatea, irekita egotea eta biltzeko beharra duten eragileek partekatutako gelak izatea".
  3. "TAO proiektua bertan behera geratzea".
  4. "Kirol eragileek zein eragile kulturalek haien beharretara egokitutako espazioak izatea".
  5. "Auzolaneko materiala gordetzeko espazio duin bat izatea"; adibidez, mahaiak edota bankuak.
  6. Goizetan ikasteko "espazio duin bat" izatea, liburutegiak betetzen duen funtzioa beteko lukeena.
NO HAY COMENTARIOS