Mercedes-Benz automobilgintza enpresaren Bilboaldeko kontzesionarioa da Aguinaga Comercial, eta Barakaldon (Bizkaia), Leioan (Bizkaia) zein Bilbon (Bizkaia) ditu lantokiak. Martxoan hitzarmen berri baten aldeko proposamena egin zuen langile batzordeak, langileen asanbladak babestuta. Uko egin zion zuzendaritzak proposamenari.
Hala, urriaren 27an astebeteko greba hasi zuten langileek, enpresaren lehen lan-itunaren alde. Enpresako zuzendaritzak langileen eskaerak onartzeko asmorik ez du erakutsi eta, horrela, greba mugagabea hasteko erabakia hartu dute gaur, azaroaren 10ean.
120 langilek osatzen dute Aguinagako plantilla, eta enpresak jarduna eten behar izan du grebaren ondorioz. Sindikatuen arabera, "ekoizpenean ari diren langile guztiek grebarekin bat egin dute", eta enpresaren irabaziak "handiak" direla ere seinalatu dute.