David Moralesek, UC Global S.L. segurtasun-enpresako zuzendariak, espioitza-lan oso konkretu bat egin du behintzat Amerikako Estatu Batuetako Inteligentzia-Agentzia Zentralarentzat (CIA, ingelesez): Julian Assange zelatatu zuen, Ecuadorrek Erresuma Batuan duen enbaxadan bizi zenean, asilo politikoarekin.
UC Global S.L., teorian, enbaxadaren segurtasunaz arduratzen zen garai hartan. Hala ere, CIArekin kolaboratu zuen eta Assangeri buruzko informazioa eman zion, ezkutuan. Kazetari australiarrak 2012an hartu zuen babes Ecuadorrek Londresen daukan enbaxadan, AEBetan espetxeratua izateko arriskuan zegoelako. WikiLeaks-en sortzaileetako bat da Assange, eta atari horrek 2010ean argitaratu zituen AEBetako Armadak Iraken eta Afganistanen egindako gerra-krimenei buruzko informazioa eta irudiak. Horregatik jo zuten bere kontra, besteak beste.
Assange 2019ra arte egon zen Londresko enbaxadan babesturik, baina espetxeratu egin zuten urte horretan, Erresuma Batuan bertan. Joan den uztailean utzi zuten aske, AEBetako Justizia Departamentuarekin akordio bat sinatzera behartu ostean: bere burua erruduntzat jotzera derrigortu zuten. Itxura denez, AEBentzat gakoa izan zen Moralesek bere espioitza-lanei esker CIAri emandako informazioa, Assangeren kontra egin ahal izateko. Besteak beste, kazetariak bere abokatuarekin izandako elkarrizketak zelatatu zituen militar ohi espainiarrak.
El País egunkariaren arabera, AEBetako inteligentzia-zerbitzuekin ez ezik, Espainiako Inteligentzia-Zerbitzuarekin (CNI, gazteleraz) ere aritu zen elkarlanean Morales. CNIk, antza denez, ez du gaiari buruzko adierazpenik egin.
2019an atxilotua
Morales 2019ko irailaren 19an atxilotu zuten Jerez de la Fronteran, Andaluzian, Espainiako Auzitegi Nazionalak zuzendutako ikerketa baten barruan. Assangek bere abokatuekin izandako elkarrizketak zelatatzeaz akusatuta atxilotu zuten espainiarra, baita bideo eta audio bidezko hainbat artxibo CIAri emateagatik ere. Abokatu-bezero komunikazioa bortxatzea, bidegabeko jabetzea eta dirua zuritzea egozten diote, eta horregatik ari dira bera ikertzen.
Atxilotu zutenean, Moralesek gainean zeramatzan zenbait gailu elektroniko miatu zituzten; hala nola, telefono mugikorra. Modu horretan topatutako hainbat e-mail mezuk frogatu dute UC Global S.L. enpresako zuzendariak inteligentzia-zerbitzuekin izandako elkarlana. Mezu horiek, ordea, ez ziren agertzen Espainiako Poliziak Auzitegi Nazionalari aurkeztutako materialaren lehenengo kopian.
CNI, informazioa eskatzen
2016ko ekainaren 26an Moralesek mezu korporatibo bat bidali zien bere langileei, ondoko izenburuarekin: "Kontaktua inteligentzia-agentziarekin". Ondoren, adierazi zuen CNIk "enpresaren ekintza, misio eta lanen inguruko informazioa ezagutu" nahi zuela, eta informazioa eskatu zuela jadanik "misio eta operazio horietan aritzen diren agenteen eta operazioen" inguruan.
UC Global S.L. enpresako zuzendariak esan zuen ez zegoela "arazorik" inteligentzia-zerbitzuekin "elkarlan egokia ezartzeko" eta haiei informazioa helarazteko, misioak "interes nazionalekoak baldin badira eta gure bezeroen interesen aurka ez baldin badoaz". CNIri eman beharreko informazioa, hala ere, "kanal bakar baten bidez" igaro zitekeela nabarmendu zuen mezuan: "Prozedura nirekin kontaktatzea da". Mehatxu ere egin zien enpresakoei Moralesek: "Gogorra izango litzateke konfiantza galdu izanagatik norbait baztertzea".