ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Libertad Digital
2023/06/02 11:25

Kazetariek edota politologoek abstentzioaren fenomenoari arreta jartzen dioten aldi murritzetan, perspektiba laburrarekin egin ohi dute. Aurreko hauteskundeetako portzentajeei erreparatzen zaie gehienetan, estatu mailan zein tokian toki. Joan den igandeko foru, erkidego zein udal hauteskundeetan, adibidez, %40 inguruko abstentzio tasak izan dira Hego Euskal Herriko lurralde historiko gehienetan. Nafarroan apalagoa izan zen, %33,49koa. 2019an baino %6 altuagoak izan dira abstentzio tasak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,5 inguru, berriz, Nafarroan. Hala ere, abstentzioari inork gutxik begiratzen dio hainbat hamarkadatako perspektibarekin eta eremu geografiko zabalagoan.

Abstentzio mailak herrialdeen eta hauteskunde zehatzen arabera alda daitezkeen arren, badira Europako hainbat herrialdetan abstentzioaren gorakada orokorra erakusten duten adierazleak. International Institute for Democracy and Electoral Assistance (IDEA) ikerguneak, esaterako, mundu osoko hauteskundeetako parte-hartze indizeak kalkulatzen ditu The Global State of Democracy Indices azterlanean, herrialde zein urte bakoitzeko hauteskunde guztiekin batez bestekoak aterata. Zenbateko horiekin, herrialdeen arteko batez bestekoa kalkulatu eta 0 eta 1 arteko eskalan adierazten dute.

Parte-hartze indizearen igoerak oso puntualak izan dira eta ez dute inondik ere beheranzko joera orokorra geldiarazi

Bereziki deigarriak dira Europako emaitzak: 1975eko parte-hartze indizea 0,78 puntukoa zen, eta 2021erako, berriz, 0,61 puntukoa. Jaitsiera motela baina jarraikorra izan dela erakusten du IDEAren grafikoak. 80ko hamarkadaren hasieran bakarrik igo zen eta hamarkadaren amaierara arte baino ez zion eutsi joera horri, gero maldan behera hasi baitzen, eta ia ez da geratu orduz geroztik. Parte-hartze indizearen igoerak oso puntualak izan dira eta ez dute inondik ere beheranzko joera orokorra geldiarazi.

Zonaldeka

Iparraldeko Europan 0,79an kokatzen zen batez besteko parte-hartze indizea 1975ean, eta 0,67an 2021erako. Erdialdeko Europako lehen erregistro gehienak 90eko hamarkadaren hasierakoak dira, eta 0,78ko indizea adierazten dute; 2021ekoak, berriz, 0,60koak dira. Beherakada are nabarmenagoa da Europako ekialdean: 1991ko 0,73tik 2021eko 0,54ra. Hegoaldean ez da horrenbestekoa, baina norabide berean dago: 0,76 1975ean eta 0,66 2021ean. Parte-hartze indizearen jaitsiera iparraldeko eta mendebaldeko herrialdeetan izan da apalena, eta ez txikia hala ere: 0,79koa 1975ean, eta 0,67koa 2021ean.

Europar Batasunean (EB) arreta jarrita, antzeko joera sumatzen da Brexit-era arte erakunde hori osatu duten 27 estatuen artean ere: 1975eko 0,83 puntuetatik 2021eko 0,64etara. Are gehiago, Hungaria eta Polonia dira 90eko hamarkadako parte-hartze mailak berreskuratu edota gainditu dituzten EBko kide bakarrak, eta ultraeskuinaren arrakastari esker izan da gehienbat.

Jarraian, aurreko hamarkadetatik hona izan diren hauteskunde legegileetako abstentzio tasen alderaketak ikus daitezke, herrialdeka banatuta eta zifra xeheagoetan:

Hegoaldea

  • Frantziako Estatua: %18,9 (1967), %52,49 (2022)
  • Espainiako Estatua: %23 (1977), %33,77 (2019)
  • Portugal:  %16,7 (1976), %42 (2022)
  • Italia: %7,1 (1963), %36,1 (2022)
  • Grezia: %17 (1963), %42,2 (2019)
  • Malta: %10,3 (1966), %14,4 (2022)
  • Txipre: %4,2 (1981), %34,3 (2021)

Ekialdea

  • Errumania: %20,3 (1990), %68,2 (2020)
  • Polonia: %56,8 (1991), %38,3 (2019)
  • Bulgaria: %16,1 (1991), %50,9 (2021)
  • Hungaria: %34,9 (1990), %30,4 (2022)
  • Txekiar Errepublika: %3,7 (1990), %34,6 (2021)
  • Eslovakia: %3,7 (1990), %34,2 (2020)
  • Eslovenia: %14,1 (1992), %47,4 (2018)
  • Kroazia: %15,5 (1990), %53,1 (2020)
  • Estonia: %21,6 (1990), %36,3 (2019)
  • Letonia: %18,8 (1990), %45,4 (2018)
  • Lituania: %28,3 (1990), %52,2 (2020)

Iparraldea

  • Alemania: %13,5 (1965), %23,4 (2021)
  • Holanda: %5 (1967), %21,3 (2021)
  • Erresuma Batua: %22,8 (1964), %32,4 (2019)
  • Suedia: %10,8 (1968), %12,8 (2018)
  • Finlandia: %14,9 (1962), %31,3 (2019)
  • Danimarka: %10,7 (1968), %15,4 (2019)
  • Irlanda: %24,9 (1965), %37,2 (2020)
NO HAY COMENTARIOS