ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Kaxilda gaztetxea. Argazkia: ataria.eus
2019/11/11 11:36

Apirilean birjabetu zuten gerora Kaxilda gaztetxea izango zena Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek. Birjabetzea dela-eta auzipetu zituzten bi militante, eta berez, irailaren 24an izan behar zuten aurreneko auzi saioa. Bertan behera geratu zen, ordea, eta orain, badu data berria epaiketak. Abenduaren 3an izango da, Tolosako (Gipuzkoa) epaitegian, eguerdiko 12:30ean. Hala, asanbladako bi kide epaituko dituzte bertan, eta Kaxilda martxan jartzeko birjabetutako lantoki ohiaren "usurpazio arina" da leporatu dieten delitua.

Egoera horren aurrean, "mota guztietako elkartasun keinuak" ongietorriak izango direla adierazi dute Aiztondoko kideek, "bailarako gazte langileek eta langile klaseak oro har hainbeste behar duen espazio aske hau denon artean defendatzeko". Hala, elkarretaratzera deitu dute epaiketa egunerako; hain zuzen, epaitegiaren aurrean ordu berean, 12:30ean.

Oztopoen gainetik, jardun militantean berresten

GEDAR LANGILE KAZETAk irailean jaso bezala, hilabeteetako ibilbide oparoaren ostean dator prozesu judizial hau. Aiztondoko Gazte Asanbladako kideek behin eta berriro salatu dituzte indar polizialen errepresioak zein EH Bilduren Udal Gobernuak ezarri dizkien "oztopo eta blokeoak". Izan ere, asanbladakoen hitzetan, Udal Gobernua eta "Ezker Abertzale ofizialeko hainbat kide" negoziaketak "borondate politiko faltaz oztopatzen" eta "asanbladako kideen jardun politikoa blokeatzen" aritu dira.