ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / EHU/UPV
2024/11/24 18:53

2020an izan ziren errektoretzarako azken hauteskundeak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV), eta azken hiru laurtekoetako abstentzio mailarik altuena erregistratu zen orduan, %92,26koa. Dena den, hori ez da inor harritzeko modukoa, izan ere, 2016ko eta 2012ko abstentzio tasak %87,70 eta %89,47koak izan ziren. Horri guztiari gainjarrita, gainera, ikus daiteke botoetako asko ez zirela izan momentuan momentu errektore izaten bukatu zuten hautagaientzako. 2020an, boto-emaile guztien %4,97k soilik egin zuten Eva Ferreiraren alde, eta antzeko babesa eduki zuten Nekane Balluerkak eta Iñaki Goirizelaiak, %7,71ko eta %5,51ko aldeko botoekin, hurrenez hurren.

Erroldatuta dauden taldeen artean ere desberdintasun nabarmenak topa daitezke. 2020an, erregimen iraunkorreko irakasle doktoreak ziren gehien bozkatzen zutenak, %33,56ko abstentzio tasarekin eta aldeko botoen %43,47rekin. Bestalde, beste irakasle ez-doktore edota aldi baterakoei erreparatzen bazaie, abstentzioa %78,76ra igo zela ikus daiteke, aldeko botoa horien %12,60k bakarrik eman baitzuten. Termino absolutuetan, 2.114 pertsonak osatzen zuten urte horretan irakasle doktore iraunkorren multzoa, eta 3.452 ziren bestelako irakasleak.

Bestalde, administrazioan eta zerbitzuetan lan egiten zuten 1.896 lagunen %60,16 abstenitu ziren, eta horien %22,83k eman zioten aldeko botoa errektoreari, bere alde gehien bozkatu zuten bigarren taldea izanik. Hala ere, ikasleengan ikusi zen desatxikimendurik handiena bai 2020an bai aurreko urteetan. 2020an, konkretuki, 40.819 ikasletik 39.962 abstenitu ziren (%97,90) eta 612k egin zuten Ferreiraren hautagaitzaren alde (%1,49).

Boto zenbaketa ez oso esanguratsua...

Aipatzekoa da EHUko arautegia bereziki diseinaturik dagoela, horren parte-hartze maila baxuak izanik ere, emaitzak baliozkotzat jotzeko eta, hortaz, EHU bera legitimatzeko. Unibertsitatean egonkorrena den sektoreari, alegia, irakasle doktoreei, erabakimen-organoen guztizkoaren %56,25 ematen zaie, ikasleria osoari %22,08 soilik ematen zaion bitartean, nahiz eta ikasleena irakasleen taldea baino ia 20 aldiz handiagoa izan. Gauzak horrela, irakasle baten botoak 49,2 ikaslerenak bezainbeste balio du.  

Badago alternatiba

Aurrekoari kontrajarrita bada, ordea, askoz ere irismen handiagoa lortu duen proposamenik. Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) ikasturte honetan doakotasunaren alde egindako kanpainan, 10.548 ikasleren sinadurak biltzea lortu du, matrikulak merkatzea eta bekak hobetzea exijitzeko. Hauteskundeetan lortutako zenbakiekin alderatuta, UIBren proposamenak jasotako babesak 2,82an biderkatu du 2020ko bozetako boto kopuru osoa; hau da, UIBren aldarrien alde daudenak, hauteskundeetan sinesten dutenak baina hiru aldiz gehiago dira ia.

NO HAY COMENTARIOS