ACTUALIDAD / Cárcel
80 urteko pertsona baten heriotza posiblea Iruñeko kartzelan
Espetxean izaten diren gertakari larriei buruzko informazio falta seinalatu du Nafarroako Salhaketak. 80 urteko preso bat, antza, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten bihotz-birikak gelditu ondoren. Salhaketak oraintsu eman du beste preso baten osasun-egoera larriaren berri.
2026eko martxoaren 11 - 07:34
80 urteko pertsona baten heriotza posiblea Iruñeko kartzelan
— ARGAZKIA Miguel Oses

Datu ofizialik ez dago agintaritzen partetik, baina Iruñeko espetxean preso zegoen pertsona baten heriotza posiblearen berri izan du Nafarroako Salhaketak. 80 urtetik gorako gizonezko bat litzateke hildakoa, eta badirudi bihotz-biriketako geldialdi bat jasan zuela kartzelan. Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten horregatik, eta bertan hil zen.

Espetxean izaten diren gertaera larriei buruzko informazio falta salatu du berriz Nafarroako Salhaketak, halako gertakarien berri emateko "bide instituzionalen gabezia kontzientea" identifikatu baitu. "Ez da kartzelako erdeinu instituzionalaren aurrean salaketa-bide gisa jardutera behartuta gauden lehen aldia", gogorarazi du.

Gainera, osasun-arazoak dituzten pertsonen egoeraz ohartarazi du kolektiboak, salatuz haien espetxealdia mantentzea jartzen dela guztiaren gainetik, presoek gaixotasun larriak pairatu arren edo adinez oso nagusiak izan arren. Azaldu du, hala, "logika punitiboak" beti ematen diola lehentasuna "heriotza gutxienez aukera erreal bat den agertokiari", pertsona horiei bestelako "neurri alternatibo" batzuk ezartzea aztertu beharrean; "askatasuna kentzen ez duten" neurri batzuk adibidez. Eta gaineratu du: "Ezin dugu alde batera utzi espetxeak pertsonen osasun fisiko eta mentala larriki okertzen duela, zenbait kasutan, jasanezinak diren mugetaraino. Hau da, kartzelak modu agoniko, motel eta isilean hiltzen du".

Beste preso baten osasun-egoera larria eta tratu txarrak

Nafarroako Salhaketak duela egun gutxi gaitzetsi du Iruñean preso dagoen beste pertsona batek jasandako tratua, osasun-egoera larrian dagoen arren. Tumore bat kentzeko ebakuntza jasan ostean, espetxera itzularazi zuten: biluztu, miatu eta isolamenduan sartu zuten bi hilabeterako, ebakuntzaren ondoren egin beharreko sendaketei eta pautei entzungor eginez.