ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/25 13:10

Zorizko jokoen eta apustuen sektorea hedatzen ari da, eta mugikorrak faktore garrantzitsua dira horretan. Heather Wardle, The Lancet Public Health Commission on gambling txostenaren egileetako batek "kasino bat poltsikoan" izatearekin alderatu du sakelakoa eramatea, "eguneko 24 orduetan zehar irekita dagoen" kasino bat. Zorizko jokoak zabaldu dira eta, beraz, ludopatia ere areagotzen ari da mundu mailan. Txostenaren kalkuluen arabera, munduan zehar 80 milioi pertsonak daukate jokoarekiko mendekotasuna, eta "osasun-publikoko arazo larri bat" da gaur egun.

Sektorea digitalizatzearekin batera handitu da zorizko jokoen erabilera: ikertzaileek esperotakoak baino okerragoak dira zifrak. Antza denez, joko digitalak munduko herrialdeen %80k onartzen ditu, eta munduko pertsona helduen %46k hartu zuten parte zorizko jokoren batean 2023an. Adingabeen artean ere handitu da erabilera, eta munduko nerabeen %18k jokatu zuten zerbaitetara iaz.

Ikertzaileek dioetenez, hilean lau aldiz zorizko jokoren batean parte hartzen dutenak edo joko batean baino gehiagotan parte hartzen dutenak horiei lotutako kalteak pairatzeko arrisku handian egoten dira. Adibidez pokerrak, kirol-apustuek, bingoak eta loteriak ludopatia sortzen dute; finean, dirua jokoan jartzen duen jarduera orok sor ditzake kontsumo-arazoak.

Gainera, aipatutako txostenak ondorioztatzen du munduan 448 milioi pertsona heldu baino gehiago daudela ludopatian erortzeko arriskuan. Hortaz, milioika lagunen osasun fisiko eta mentala dago arriskuan, zorizko jokoak direla-eta. Esan bezala, horietatik 80 milioik adikzioa dute jadanik: esaterako, apustuen bidez eszitazioa lortzeko bilatzen dute dirua, lo egiteko arazoekin edo suminduta egoten dira apustuak egiteari uztean, familiari eta lagunei gezurra esaten diete eta abar luze bat, txostenean aipatzen denez.

Hego Euskal Herrian, ludopatiak gora egin du gazteen artean

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2022an, gazteen %24,9k esaten zuten ausazko jokoren batean aritu zirela azken urtean. Orokorrean, adingabeen %31,8k onartu zuten noizbait joko horietan parte hartu zutela. Halere, duela bi urte "aurrez aurre" jokatzen zuten gazte gehienek, %69,1ek hain zuzen ere. Beste %10,1ek, berriz, online jarduten zuten apustuak egiten eta bestelako jokoetan, eta %20,8k bi joko-modalitateak konbinatzen zituzten, Jokoaren Euskal Behatokiaren arabera.

Nafarroako datuei dagokienez, 2022an 14 eta 18 urte arteko gazteen %31,5 aritzen ziren ausazko jokoetan, ludopatiaren aurkako Aralar elkartearen arabera. 2022ko urteurrenean ohartarazi zuen gero eta txikiagoa zela ausazko jokoetan hasteko adina, eta ludopatiak gora egin zuela azpimarratu zuen.

Etekin ikaragarriak pilatzen dituzte enpresek

Bestalde, sektoreko enpresak etekin izugarriak metatzen ari dira nazioartean. Spherical Insights & Consulting agentziaren txosten baten arabera, online apustuen merkatuak 84,79 mila milioi dolarreko balioa izan zuen iaz, eta igoera ikaragarria iragarri du hurrengo urteetarako: datorren urtean 97,15 mila miloi dolarreko balioa izango du (+%6,47), eta 2033an 164,53 mila milioi dolarrera helduko dela aurreikusten du agentziak.

Bere esanetan, apustu-jokoak hedatzen ari dira Interneten, eta euskarri digitalak zabaltzen diren heinean, gora egiten du apustu-enpresen merkatuaren balioak. Arrakastaren arrazoiei begira, pertsona ospetsuek egindako promozioak, Interneteko bideojokoen zabalpenak, iragarkiek eta legalizazioak bultzatu omen dute sektorea, besteak beste.

NO HAY COMENTARIOS