Azken astean 60 pertsonak galdu dute bizia Mediterraneo itsasoan, Italiara heldu nahian. Libiako Zauiya herritik irten ziren duela astebete inguru, ontzi puzgarri batean. Biziraun duten lagunek azaldu dutenez, hiru egun beranduago sartu ziren deriban, motorrak huts egin zuenean. Gainera, urik eta janaririk gabe geratu ziren.
Egun luzez itsaso zabalean galduta izan ostean, Libiaren ardurapeko eremu batean atzeman zuten ontzia. Bertan zihoazen 25 lagunek biziraun dute, eta SOS Méditerranée erakundeak hartu ditu. "Osasun-egoera ahula" zuten lehorreratzean, eta konortea galduta zeuden bi pertsona; Siziliara eraman dituzte.
Biziraun duten lagunek azaldu dute 60 hildako izan direla bidean, horietatik bat, gutxienez, haurra. Itxura denez, itota galdu dute bizia. Une honetan, desagerturik daude.
Mediterraneo erdialdekoa da munduko migrazio-biderik arriskutsuenetariko bat. 2023an, gutxienez 2.500 pertsonak galdu zuten bizia bertan, kostaldera heldu nahian. 2024a hasi zenetik, gutxienez 226 hil dira.