Tubacexeko zuzendaritzak kaleratutako 129 beharginen zerrenda argitaratu ostean, gaur, berrogeita bigarren greba egunean, Amurrioko (Araba) fabrikan elkartu dira langileak. Lantokiko sarrera blokeatu dute, suzko barrikadekin eta errepidean eserialdi bat eginda. Enpresako zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztuko die gaurkoan sindikatuei, kaleratu ez dituzten beharginei ezarriko dietena ustez.
Ertzaintzaren bederatzi furgoneta bertaratu dira Amurrioko plantara, eta langileak identifikatu dituzte poliziek. Irudiak hartzen ari zen pertsona bat ere identifikatu dute.
Tentsio uneak izan dira Ertzaintza piketean parte hartzen ari zirenen aurka oldartu denean. Zuzendaritzako kideak zeramatzan autobusa lantegira sartu denean, gainera, Ertzaintzak gogor kargatu du berriz, eta hainbat langile zauritu ditu. Grebalariek salatu dute foam jaurtigailuak erabili dituztela haien kontra.
Mobilizazioak
Datorren larunbaterako, martxoak 27, Aiaraldeko Greba Batzordeak hainbat ekimen antolatu ditu Aiaraldea urrats bat aurrera lelopean. 11:00etan manifestazioa egingo dute Amurrioko plazatik, eta 14:00etan elkarretaratzea. Hainbat hitzaldi ere izango dira egunean zehar, eta azkenik, asanblada orokorra egingo dute 20:00etan, "Greba Batzordearen etorkizunaz eta hurrengo urratsez" eztabaidatzeko.