Gaur bete dira 28 urte Unai Salanueva Beltza iruindarrak bere buruaz beste egin zuenetik, kartzelara itzuli behar ez izateko. Intsumisioaren alde egin zuen gazteak, eta horregatik espetxeratu zuten: arrazoi politikoengatik, uko egin zion Espainiako Armadan derrigorrezko zerbitzu militarra egiteari, garaian beste milaka pertsonak egin bezala.
1990eko hamarkadan hartu zuen indarra intsumisioak, eta Espainiako Estatuak gogor zigortzen zuen jarrera politiko hori: atxiloketa, epaiketa eta espetxeratze masiboak ezarri zituen. 25.000 lagun inguruk egin zuten intsumisioaren alde (1991n emandako datu batzuen arabera, erdia Euskal Herrikoak ziren), 4.000 epaiketa baino gehiago izan ziren, eta ia 2.000 intsumiso sartu zituzten preso.
Salanueva izan zen jazarrietako bat, atxilotua, epaitua eta kartzelaratua izan baitzen Iruñean (Nafarroa). Denbora batez kartzelaldi osoan eduki ostean, hirugarren graduan sartu zuten; eguneko hainbat ordu kalean eman ostean, espetxera itzuli behar izaten zen beti gaua egitera. 1997ko otsailaren 10ean, baina, ez zen hala gertatu: Beltza arratsaldean irten zen kartzelatik eta ez zen gehiago itzuli. Izan ere, bere etxeko leiho batetik bota zuen bere burua, espetxera ez bueltatu behar izateko. 22 urte besterik ez zituen.
Kike Mur eta Virginia Garaioa
Gogoan den beste intsumiso bat da Enrique Kike Mur. Torreroko (Zaragoza) espetxean betetzen ari zen kartzela-zigorra amaitzeko hilabete baten faltan, preso zela hil zen Mur, argitu gabeko "baldintza arraroetan" eta osasun-arretarik jaso gabe. 1997ko irailean gertatu zen, eta 25 urte zituen hildakoak.
Eta gorriz markatutako beste egun bat da 1998ko otsailaren 20a, egun horretan, Virginia Garaioa iruindarra erail baitzuen Espainiako Armadak. Intsumisoekin elkartasunez, Topaseko (Salamanca) presondegi aurrean egindako elkarretaratze batean parte hartu zuen Garaioak, baina jeep batekin harrapatu eta azpian hartu zuten militarrek. 23 urte zituen.