ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / RTVE
2025/09/12 12:56

Brasilgo Auzitegi Federal Gorenak 27 urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Jair Bolsonaro presidente ohiari, 2022ko hauteskundeen ostean, Luiz Inacio Lula da Silvaren kargu-hartzea galarazteko konplot kolpista bat gidatzeagatik. Brasilgo historian, lehen aldia da estatuburu ohi bat eta agintari militar goren batzuk estatu-kolpe saiakeragatik eta beste lau kargurengatik (talde kriminal armatu baten lidergoa barne) epaitzen dituztela.

Folha de S. Paulok jakinarazi duenez, erabakia lau magistratuk osaturiko gehiengoak hartu du, Luiz Fuxen kontrako botoarekin. Fuxek saiakera kolpistaren larritasuna gutxitu eta auzipetuen absoluzioa defendatu zuen, froga faltagatik. Epaiak berekin dakar, hala ere, Bolsonarok etxeko espetxealdian segitzea balizko helegiteen ebazpenaren zain dagoen bitartean. Posible da helegite horiek goragoko instantzietan aurkeztea, baina bere ibilbide politikoa blokeaturik dago, 2030era arteko inhabilitazioa ezarri baitzioten.

Espediente judizialean, konspirazio publikoak eta ezkutuko mekanismoak dokumentatu zituzten, agintari militarrei presioa egitea eta biolentzia instituzionalaren bidez hauteskundeetako emaitzak ez aitortzeko planak egitea barne. Carmen Lucia epailearen esanetan, frogatuta geratu zen Bolsonarok eta bere inguruak horretan izandako lidergoa, "erakunde demokratikoei eraso egiteko" eskema batean. Aldi berean, fiskaltzak "modu frogagarrian" erakutsi zuen sarearen izaera antolatua eta inteligentzia eta "segurtasun nazionaleko" zerbitzuekin zituen loturak.

Bolsonarismoaren lobby handiak eta nazioartearen presioak ez dute sententzia ekidin. Donald Trumpek, esaterako prozesua "sorgin ehiza" izan dela defendatu izan du, errepresalia komertzialekin mehatxu egiteaz gain.

NO HAY COMENTARIOS