ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/29 10:03

Aurten bete dira 92 urte Ategorrietako sarraskitik. Urteurren egunerako, oraingoan ere ekitaldi politiko bat antolatu dute Donostiako eta Oarsoaldeko Kontseilu Sozialistek, Haien memoria berreskuratuz, sozialismoa eraiki lelopean. Joan den larunbatean, beraz, deialdi horri erantzunez, Trintxerpeko Gudarien Plazan elkartu ziren hainbat eta hainbat lagun.

1931n Guardia Zibilak Ategorrietako Erloju aurrean eraildako arrantzale grebalariak omentzeaz gain, sarraskia "klase borrokaren historian kokatu behar den gertakari bat" dela nabarmendu zuten Kontseilu Sozialistetako kideek.

Sarraski bat greba baten erdian

Gogora ekarri zuten 1931ko maiatzaren 27an kalera atera ziren arrantzaleak bi mila inguru zirela, eta "atxilotutako kideen askatasuna eta seme-alabentzako ogia" exijitzen ari zirela. Pasaiako portuko langile horiek apirilean egin zizkieten hainbat eskaera armadoreei: Sole Handira arrantzara joaten ziren langileek hilabetean 300 pezeta irabaztea, astean atsedenerako jaiegun bat izatea, eta lanaldia hamabost ordukoa baino luzeagoa ez izatea. Armadoreek ez zituzten exijentziak bete, eta horregatik jo zuten grebara milaka langileek Maiatzaren Lehenean.

Maiatzaren 27rako, hain justu, greba orokorrera deitu zuten, sindikatu bakar baten babesarekin (Itsas Batasuna, Unión Marítima gazteleraz). Pasaiatik hasita, martxa bat egin zuten Donostiaraino, eta hiriburura heltzean, armadarekin egin zuten topo Mirakruzen. Militarrek esan zieten aurrera egiten bazuten Guardia Zibila izango zutela zain, baina ez zuten atzera egin langileek. Ategorrietako Erloju parean zituzten zain Errepublikaren agindupeko guardia zibilak, eta modu bortitzean oldartu ziren arrantzaleen kontra. Tiro egin zieten, eta zazpi langile erail zituzten bertan. Zauritu ugari ere izan ziren, eta itxura denez horietako hiru zendu ziren gerora.

Langile memoria eta gaurko eguna

"Langile mugimenduaren halako esperientziak oroitzea ez da gertatutakoa gogoratze hutsa. Komuniston zeregina da haien oroitzapena, sufrikario humano zein abstraktutik harago, klase borrokaren historian kokatzea eta esperientzia hori guztia baliatuz antolatzeko konpromisoa duen ikuspuntu politikoa hedatzea", esan zuten larunbateko ekitaldian Kontseilu Sozialistek.

"Krisi testuinguruan klase borrokak antolakuntza politikoaren beharra azaleratzen duela erakusten du Pasaiako arrantzaleen borrokak", azaldu zuten. "Proletalgoak bizi duen krisi kapitalistak gizarte burgesaren kontraesanak era gordinenean azaleratzen ditu, 1931n bezalaxe, gaur ere", gaineratu zuten, gaurko egunera ekarrita.

Gertatutakoak, bestalde, "burgesiaren eraginetik kanpo antolatzea beharrezkoa dela argi erakusten" duelakoan daude Kontseilu Sozialistak. "Sindikatu eta alderdi demokrata interklasistek, langileen baldintzak hobetzea ezin lortzeaz gain, haien aurka egiten bukatzen dute", ondorioztatu zuten 1931ko gertakarietatik: "Garai hartan bezala, gaur egun ere erabat integratuta dauden sindikatuek eta parlamentuan ezer aldatu gabe jarduten duten alderdiek ez dute proletalgoaren egoera hobetzeko, eta are gutxiago abolitzeko helbururik eta tresnarik".

"Krisiak markaturiko aroa da guri egokitu zaiguna ere" ohartarazi zuten Kontseilu Sozialistek: "Burgesiak irabaziak lortzeko zailtasun handiak ditu, eta horren itzulpen politikoa klase ofentsiba basatia da; prezioen igoera, bizi baldintzen kaskartzea, askatasunen murriztapena, alderdi eta sindikatu erreformisten ezintasuna eta abar".

Justizia

Kontseilu Sozialistek iritzi diote "historiografia proletarioak" baduela "berebiziko garrantzia bizi dugun porrot egoera orokortuan": "Ategorrietan hildakoak omentzea eta haien oroimena berreskuratzea beharrezkoa da halakorik berriro gerta ez dadin, eta argi esan dezagun horretarako modu bakarra sistema kapitalistaren suntsiketa eta sozialismoaren eraikuntza dela; klaserik gabeko gizarte baten eraketa".

1931n eraildako grebalariak "borroka horren zati bat" izan zirela aldarrikatu zuten ekitaldian: "Haien odola eta bizitza eman zuten behin eta berriz odolez busti den bandera gorriaren historian. Ez dezagun haien borroka hiltzen utzi". Azpimarratu zuten, hala, "prozesu iraultzaileak soilik" egingo diela "justizia zapalkuntzarik gabeko gizartearen alde dena eman dutenei".

NO HAY COMENTARIOS