12.400 euroko isunak eta hiru auzipetu, Burlatan etxegabetze bati aurre egiteagatik

Hiru pertsona auzipetu eta hamazazpi lagun isundu dituzte, Burlatan (Iruñerria, Nafarroa) etxegabetze bati aurre egiteagatik. Guztira, 12.000 eurotik gorakoak dira isunak. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta Berriozarko  Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH) eman dute horren berri: iazko urriaren 9an mobilizatu ziren familia baten etxe-kaleratzearen aurka, eta horren ondoriozkoak dira zigorrak. Legez kanpoko azpierrentamendu baten biktima izan zen familia hori, eta erakunde batek berak ere ez zien bizitoki-alternatibarik bermatu. Adin txikikoak zeuden tartean.

Urriaren 9 hartan, hainbat pertsona elkarretaratu ziren goizean goiz Burlatako San Frantzisko kaleko 6. zenbakian, etxegabetzea gelditzeko prest. Espainiako Polizia, baina, gogor oldartu zen haien aurka, borra-kolpeka eta piper-gasa erabiliz. Desalojo-ordua baino bi ordu lehenago bota zituzten manifestariak, dozenaka pertsona zaurituz. Gero, gainera, hiru lagun atxiki zituzten poliziek, eta haiek dira, hain zuzen ere, auzipetuta daudenak. Agintaritzari aurre egitea, desobedientzia eta lesio-delituak leporatzen dizkiete.

Aipatutako hiru kolektiboek jakinarazi dutenez, etxegabetutako familiak hotel batean egon behar izan du bizitzen sei hilabetez, bestelako etxebizitza-alternatibarik gabe. Orain, "kolektibo antolatuon presioari esker", kaltetuentzako behin-behineko alternatiba bat lortu dute azkenean; baina ordura arte hotel batean bizitzen egon behar izateak duen larritasuna salatu dute.

Etxegabetze bati aurre egiteagatik hainbeste pertsonak jasandako errepresioa ere gaitzetsi dute: "Neurri horien helburua antolakuntza eta borroka kriminalizatzea da, eta jabetza pribatua defendatzea pertsonen oinarrizko eskubideen gainetik. Bide horretan, gainera, isunez ito nahi dituzte gure sindikatuak, eta gure antolakuntza-gaitasuna ahuldu". Hala ere, etxegabetzeen aurka antolatzera eta borroka egitera deitu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Harituk eta PAHk.