ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/27 13:42

Gazte langileen pobretze-prozesuak ez du etenik. Eusko Jaurlaritzak Gazteen Emantzipazioa Laguntzeko 2030eko Estrategia txostenean argitaratutako datu bat da horren erakusle: 2020an, gazte gehienek (%59) hilean 600 euro baino gutxiago irabazten zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zehatzago esanda, hiru lurralde horietako 15 eta 29 urte arteko gazteen %29,1ek soilik irabazten zituen hilean 600 euro baino gehiago.

Perspektiba kronologikoan jarrita, soldaten kaskartze nominala agerikoa da: 2010ean, 16 eta 29 urte artean zituzten gazteen batez besteko soldata 1.424 eurora iristen zen. 2020rako, berriz, 1.297 euroraino jaitsi zen. Ondorioz, gazte langileen batez besteko soldatak (ez ohikoenak) azken hamarkadan 127 euroko beherakada jasan duela esan daiteke. Hori gutxi balitz, bizibideak %10 garestitu dira ordutik.

Soldatak, xeheago

Euskadiko Gazteak 2020/2021 izeneko beste txosten batek gazteen soldatak adin-tarteka banatuta aztertzen ditu. Horren arabera, 15 eta 19 urte arteko gazteen %76k 300 eurotik behera jasotzen dituzte hilean. 20 eta 24 urte artekoen %58,1en hileko errenta 60 eta 600 euro artekoa da. 25 eta 29 urte artekoen barruan, aldiz, %63,5ek irabazten dituzte 600 eurotik gora.

Gazte langileen batez besteko soldatak (ez ohikoenak) azken hamarkadan 127 euroko beherakada jasan duela esan daiteke. Hori gutxi balitz, bizibideak %10 garestitu dira ordutik


Soziologikoki banatuta, ikasleen %66,5ek hilean 300 euro baino gutxiago dituztela kalkulatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Lanean ari direnen multzoan, %43,5 bizi da hilero 900 euro baino gutxiagorekin. Are gehiago, lana duten hiru gaztetik batek (%34) baino ez du hileko 1.200 euroko langa gainditzen. Ondorioz, soldatapeko lana okupazio nagusitzat edo esklusibotzat duten gazteen erdia baino gutxiago (%40,4) bizi dira beren diru-sarreretatik edota bikotekidearen diru-sarreretatik. Horrek bere isla du gazteek euren ogibidearekiko duten ikuspegian: lanean ari diren hiru gaztetik batek (%34), gutxienez, bere lan-indarra debaluatuta dagoela uste du.

Lanean ari direnen multzoan, %43,5 bizi da hilero 900 euro baino gutxiagorekin


Prestakuntza eta kontratuak

Bestalde, lan-merkatuan txertatzea lortzen duten gazteen artean, lortutako enpleguak euren prestakuntzarekin lotura zuzena duela diotenak ez dira erdira iristen (%47,6). Zehazki, gazte langileen %31,3k jaso duten prestakuntzarekin "lotura gutxi" edo "inolako loturarik ez duen" lanen bat egiten dutela aitortzen dute; %10,7k, "pixka bat lotuta" dagoen lanen bat eta, %20,6k, "batere loturarik ez" duen bat.

Kontratu modalitatearen arabera, 2020an, enplegua zuten gazte langileen %48,5 aldi baterako kontratuekin aritzen ziren, inoizko kopururik handiena. Haietatik %8 praktiketako kontratu edo beka baten pean aritzen ziren. %41,2k kontratu mugagabea zeukaten (halere, multzo honetan aldizkako kontratu finkoa zutenak sartzen ziren), eta %2,5ek, aldiz, kontraturik gabe ari zirela azaldu zuten.

2020an, enplegua zuten gazte langileen %48,5 aldi baterako kontratuekin aritzen ziren, inoizko kopururik handiena


Esamesak auzitan

Bada gazteen langabeziari eta diru-sarrera baxuei buruzko uste oker bat, fenomenoa "gazteen alferkeriari" egozten diona, eta ideia hori sinetsi ohi duten pertsonak bezain zaharra dena. Eusko Jaurlaritzaren azken datuek kontrakoa diote: gehiengo ikaslea duen 16 eta 29 urte arteko adin-multzoan, hamar gaztetik hiru lan bila ari ziren 2020an. Langabezian zeudenen artean, berriz, "gehienak" enplegu bila ari zirela nabarmentzen du txostenak. Are esanguratsuagoa da lanean zeudenen inguruko zifra hau: hirutik bat enplegu berri baten bila ari zen.

Lan bila ari diren gazteen ehunekoak gora egin du 2017ko datuekin alderatuta, eta hurbilago dago 2013an edo 2015ean erregistratutako datuetatik. Adin-multzo horretan, %5,6ek langabezian zegoela aitortzen zuen, hau da, lan bila ari zela eta ez zuela enplegurik topatzen. Gainera, horien erdiak baino gehiagok ez zuen langabezia-prestazioa kobratzen. Bestalde, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen %63,5 emigratzeko prest zeuden, baldin eta lanpostu interesgarri bat eskaintzen bazioten. 2020an erregistratu zen lanpostu hobe baten truke Euskal Herritik kanpora lekualdatuko liratekeen gazteen kopururik handiena.

Hamar gaztetik hiru lan bila ari ziren 2020an


Dirulaguntzak

Bada gazteek "dirulaguntza publikoen kontura" bizi nahi dutela dioen beste uste bat, eta gezurrak hanka laburra du hemen ere: gazteen %2k jasotzen dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE). Biztanleria osoaren barruan prestazio hori jasotzen dutenen ehunekoa (%3,1) baino zertxobait baxuagoa da hori. Izan ere, 2021ean, 18 eta 29 urte arteko 5.169 gaztek jaso zuten DSBEa; hau da, 18 eta 29 urte arteko gazteak ez ziren diru-laguntza hori jasotzen zutenen %7,5era iristen.

Eta ez hori bakarrik: emakumeak ziren adin-tarte horretan DSBEa jasotzen zuten gehienak: 3.071 emakume, 2.098 gizonen aldean. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak ziurtatzen duenez, DSBEaren bilakaera orokorrra beheranzkoa izan da 2017tik hona, baina neurri handiagoan gazteen artean.

Gazteen %2k jasotzen dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta

NO HAY COMENTARIOS