AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Joan berri zaigu 2021a, eta, berarekin, gizarte burgesaren aurpegirik ankerrenetarikoa erakutsi digun urtea. Krisi ekonomikoak gero eta gogorrago kolpatzen ditu langileon bizitzako ertz guztiak: langabezia, pobretze progresiboa; are, miseria gordina ezin ukatuzko egitateak dira gero eta jende gehiagorentzat. Burgesia jada ez dago prest behinola eman zezakeen apurrari eusteko: amaitzen ari da gizarteko kapa zabalen ongizaterako bermea, oinarrizkoenak izan diren baliabideak ere zalantzazkoak dira egun, funtsezko askatasun zibiletan oinarritu izan den demokrazia liberala kolokan dago. Horri guztiari gehitu behar zaio pandemia globalaren testuinguruan pasatutako bigarren urtea izan dela, horrek orokortu duen tristura eta nekearekin. Burgesiak eta bere ezker-eskuineko kudeatzaileek modu faltsu eta lotsagabean erabili dute pandemia beren intereseko neurri onartezinak justifikatzeko; azpian dagoena horixe baita, krisi kapitalista eta gizarte burgesaren berezko biolentzia. 2021ean, Euskal Herrian, 62 pertsonak galdu dute bizia beren lanpostuetan, bost emakume erail ditu indarkeria matxistak, zazpi pertsona hil dira muga zeharkatu nahian ari zirela. Urte amaierek errepasatzeko aukera ematen dute eta, errepaso labur eta gordin bat egin beharko bagenu, horixe gurea.

2021ak kapitalismoaren aurpegirik ankerrenetarikoa erakutsi digu; eta, hala ere, esan liteke irudirik ankerrena jendartearen sumisioak eta axolagabekeriak erakutsi digutela.

Baina Kapitalaren proiektu historikoarekiko sumisio hori ez da erabatekoa. 2021a Mugimendu Sozialistak aurrerapauso nabarmenak egin dituen urtea ere izan da. Dena kontra izanda ere, lan nekaezinaren bidez jarraitu du urte guztian zehar ekimenak aurrera ateratzen eta militantzia zabaltzen. Kontseilu Sozialistak sortu dira eskualdez eskualde eta hainbat lan-lerro jarri dituzte martxan langileontzako tresna politiko independente gisa, jardunaldi jendetsuak egin dituzte Errakik eta Itaiak, sendotu eta zabaldu egin dira GEDAR eta Ekida bezalako organoak, kultura komunistaren irudi erreala eman digu Ikasle Abertzaleakek eta Gazte Koordinadora Sozialistak antolatutako Topagune Sozialista arrakastatsuak. Ehunka izan dira lekuan leku antolatu diren ekimenak, dinamikak, hitzaldiak... Eta haietako bakoitzaren garrantzi handia gorabehera, ezinbestekoena haiek guztiak posible egin dituena izan da: militantzia komunista diziplinatu, konbentzitu eta konprometitua. Erabateko sumisioari eta ankerkeriari gailentzen zaion bakarra militante komunistaren hautu etikoa da; komunismoaren proiektu historiko unibertsalarekiko konpromiso eta diziplina erabatekoa; hautu sakrifikatua, baina, halaber, denik eta egiazkoena.

Urte berriarekin gogoan dugu iaz ere egunero-egunero iraultza sozialistaren gauzapenerako lanean ibili den militante komunista bakoitza. Jakina, badakigu parean ditugun erronkak gure hautuaren tamainakoak direla. Jarrai dezagun, bada, hasi berri den urte honetan ere gogoz eta indarrez lanean, antolakuntza komunista hedatzen.