Greba orokorra izan zen atzo Hego Euskal Herrian, soldata minimoa 1.500 eurora igotzearen alde eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) EAEn eta Nafarroan erabakitzearen alde. Grebaren inguruko kanpaina nahiko apal baten ondoren, datuek diote atzo mobilizazio jendetsuak eta lanuzte erlatiboagoak egon zirela. Kanpaina apala izan dela diogu, greba eta bere aldarrikapenak zarata handiegirik egin gabe pasatu direlako lantoki askotan. Hori bai, sindikatuek horrelako egunetan mobilizazio-gaitasuna dutela erakutsi zuten.
Langileriako geruzarik txiroenak interpelatuta zeuden atzoko deialdian. Bizitzen ari garen ezegonkortasuna zenbaterainokoa den ikusita, urgentziazkoa da langileriaren soldata- eta bizi-baldintzek gora egitea. Krisialdi kapitalista eta bere azpifenomenoa diren gerrak bizitzaren garestitzea eragiten ari diren honetan, langileria eta bere geruzarik zaurgarrienak lehen lerroan jartzea premiazkoa da. Bestalde, bada greba-deialdia, alde zein kontra, gotortze nazionalistan sakontzeko erabiltzen ari denik. Izan espainolismoaren banderaren pean, edo izan euskal autonomismoaren erakundeetatik; zaharretatik eta berrietatik. Lehenengoen bekatua handia da, gainera: greba kritikatu eta lezioak ematen jardun dute, langileriaren mobilizazioa baztertzen duten bitartean. Gure iritziz, klase-borroka hedatzeko unea da, eta langileria nazioarteko subjektu bilakatzeko momentua da hau. Krisialdi global honi ez baitiogu aurre egingo gure baitan gotortuta, kapitalismoaren aurka bere neurri berean antolatuta baino. Internazionalismoaren urgentzia nabarmentzeko unea da.
Mugimendu Sozialista grebara batu zen klase-borroka hedatzeko unea dela argudiatuta. Nazioartean, geroz eta langile-sektore gehiagoren artean eta bizi-baldintza unibertsalen alde hedatu behar dugu klase-borroka. Bizi-baldintzak hobetzearen aldarrikapenarekin bat eginda, ahal bezainbeste lantokitan, herritan eta ikastetxetan grebaren aldeko aldarri propioa zabaldu du Mugimendu Sozialistak. Atzo milaka langile mobilizatu ziren aldarrikapen horien baitan, baita gazte andana ere, goizean gerra-industriaren aurka egindako piketeetan eta herrietan zein auzoetan egindakoetan.
Mugimendu Sozialistarentzat, grebaren aldeko kanpainak balio izan du irakurketa propio batekin pedagogia egiteko; baita hainbat eragile sindikal eta sozialekin harremanak egin eta irakurketa komun baten inguruan indarrak batzeko ere. Oro har militantzia gaztea duen mugimendu bat izanik, esperientzia irabazteko balio izan du deialdi honek.
Aurrerantzean ere, langileriaren ondoan borroka egiten jarraituko du Mugimendu Sozialistak. Langileriaren aldarrikapen konkretuekin bat egitetik hasita, borroka hori guztia ikuspegi orokor batekin lotzeraino. Soilik sozialismoaren bitartez lortu daitekeelako guztion ongizatea bermatuta izatea eta mundu osoko langileriak bakean bizitzeko bermeak edukitzea.