Skip to Content
EFEMERIDEAK / Euskal herriko ikasle antolakunde sozialista

Azaroak 17: Ikasle Abertzaleak sortu zenekoa

1988ko azaroaren 17an aurkeztu zuten ikasle-antolakundea, 1983an lehen zutabe eta oinarriak aurkeztu ondoren. 2025ean izan zen azken kongresu-prozesua, eta borrokarako bide-orri estrategikoa eguneratzeaz gain, aurrerantzean IAS izenez jardutea erabaki zuten militanteek.
Azaroak 17: Ikasle Abertzaleak sortu zenekoa
Eskola Ibiltaria 2006an.

EFEMERIDEAK

Gaurko egunez, duela 38 urte, Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundea aurkeztu zuten dozenaka ikaslek, 1988ko azaroaren 17an. Ikasleen Nazioarteko Eguna dugu azaroaren 17a, eta egun horixe baliatu zuten antolakundearen berri emateko.

Hasiera batean, ez zuen erabat definitu hezkuntza arloko programa IAk, baina hilabete gutxiren buruan "Euskal Eskola Nazionala" zehaztu zuen izango zela helburu estrategikoa, eta horretarako behar-beharrezkoa zela "Euskal Herri aske eta sozialista". Gauzak horrela, horrezkero abian zeuden hainbat borroka-prozesurekin bat egin zuten IAko militanteek: hezkuntza arloko lege-erreformen edo Poliziaren eta faxisten erasoen aurkakoekin, kasu. Horrez gain, hurrengo hamarkadetan zehar hamaika aldarrikapen egin eta borroka piztu ditu ikasle-antolakundeak Euskal Herriko hamaika txokotan: euskalduntzearen eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde, Hezkuntza Plan handien aurka eta ikas-baldintzak hobetzeko, preso politikoak askatzeko, ikasleen eskubide politikoak bermatzeko, jai-egun arrotzei intsumisioa egiteko eta Herri Eskolak sozializatzeko, bestelako kurrikulum bat irudikatzeko Herri Unibertsitateak eta Talde Kritikoak sortu zituen, eta ikastetxe eta unibertsitateetan indarkeria matxistaren aurka egin du borroka.

Berebizikoak izan ziren ikasle-antolakundearen sorrerarako, batetik, Trantsizio garaiko eta 1980ko borroka-prozesuak; eta, bestetik, Jarrai gazte-antolakundeko II. Kongresuan eztabaidaturikoak. Erregimen politikoa aldatzeak ez zuen berehalako hobekuntzarik ekarri langile-sektore zabalentzat, eta ikasleek ere nabari izan zuten hori. Testuinguru horretan, esaterako, Irantzu Mugetaren aurkako erasoak kontzientzia pizteko mugarri nabarmena izan ziren. Bestela, aipaturiko kongresua 1983an izan zen, eta bertan IAren lehen zutabe eta oinarriak adostu eta aurreikusi zituzten Jarraiko militanteek. Izan ere, kongresu hartan behar-beharrezkotzat jo zen Euskal Herrian hezkuntza arloan ikasleen masa-erakunde bat sortzea, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren (ENAM) garapena elikatuko zuena. Organikoki gazte-antolakundeari lotu gabe, eta printzipio ideologiko nahiz organizatibo lausoagoekin, ikasle-antolakundearen eginkizuna borrokak piztea, horiek auzi orokorrekin lotzea eta nazio-askapen mugimendua hauspotzea izango zen.

Aurreko urtean izan zen antolakundearen azken kongresu-prozesua, VIII. kongresua hain zuzen ere, eta Berriozarren egin zuten amaierako ekitaldia militante eta militante ohi andanak. Borrokarako bide-orri estrategikoa eguneratzeaz gain, hortik aurrera Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) izenez jardutea erabaki zuen militantziak.