AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Bistan da militante sozialista orok, bere ekinbidean, ez duela soilik estatu kapitalista borrokatzen, gizarte kapitalista osoa baizik. Ez dituela soilik estatu kapitalistaren tresna politiko antolatuak aurrean –alderdiak, administrazioa, komunikabideak, errepresiorako talde armatuak…-, bizimodu, pentsaera eta erreproduzitzeko modu bat, eta haren emaitza diren gizabanakoak, baizik. Kontran duela, alegia, egunerokoan erreproduzitzen den metabolismo soziala, eta potentzialki kontra erreprodukzio dinamika horretan murgilduta dagoen oro.

Gizarte kapitalista aurrean izateak konpromiso politikorik gabeko gizabanako berekoi, indibidualista eta egozentrikoekin harremantzea dakar, burmuin zentralizatua gizarte kapitalistaren ideologia espontaneoan eta instituzio politikoetan aurkitzen dutenak. Elkar antolatuta ez egon arren, ez behintzat erabakimen propioz, elkarrekin pentsatzen dute eta ekiten, elkarrekin aritzen dira mugimendu komunistaren aurka. Burgesiaren iritzi emaileen ejertzitoa dira, bera babesteko indar fisikoz aritzen ez direnean. Komunismoaren aurka saretzen ari den blokeaz hitz egin genezake dagoeneko, kontzienteki antolatuta ez badago.

Orotariko adierazpenak ditu aipatu blokeak: kartelak eta pankartak kentzen dituzte, militanteen inguruan gaizki esaka aritzen dira berauek neutralizatzeko asmoz, antolakundeei pentsatzeko eta ekiteko modu faltsuak egozten dizkiete, “umorez” mozorrotzen dira baina umore horri erantzuna ez dute umorez hartzen… edota gertakari zehatzak baliatzen dituzte, informaziorik gabe bada ere, mugimendu komunistaren aurkako kanpaina egiteko. Denak gizarte kapitalistaren kategoria espontaneoak erabilita gauzatutako trikimailuak izan ohi dira: izan biolentziaren auzian ikuspegi demokrata-burgesa babestuta, izan norbanako militanteen gaineko kategorizazio moralista eginda edo izan lehenago, tarte desberdinetan, landu dugun autonomiaren kontzeptuari helduta. Zentzu komunak agerpena egiten duenean, politikari ateak ixten zaizkio.

Asteotako gertakarietan halakorik antzeman daiteke. Egiaren “zentzuzko” eta azaleko kontzeptuarekin militantzia politikoarekiko desatxikimendua eta indibidualismoa nabarmen elikatu dira. Iritzi anitzak norbanako anitzen partetik, denek zentro komun bat, ordea: prozesu sozialista erasotzea. Hori ezkutatzen da egia ezagutzeko bi kontakizunak entzutea beharrezkoa dela babestu dutenen partetik. Izan ere, kontakizunak berak garrantzia duen arren, egia ezagutzeko benetan ezagutu behar dena kontakizunaren atzean dagoen subjektua da. Hau da, zein den bere estrategia, nor ordezkatzen duen, nondik datorren eta nora doan. Hori egin ezean, egia bere testuinguru zehatzetik abstraitzen da, sententzia bera une antzuan bilakatzen delarik: egia haatik, berezkoa, eta ez berariazkoa. Egia egia bera saihesteko azaleko ebazpena. Egia morbo hutsera edo norbanakoaren sentipen irrazionala asetzeko kontsumo gai bilakatzea.

Izan ere, gertakizun desberdinen aurrean espontaneoki posizioa hartzen duen begirale pasiboak ez dauka egia ezagutzeko baldintza objektiborik: faltan du gertakari zehatzak errealitatearekin duen konexioa, militantzia sozialista eta konpromiso politikoarekin soilik eskuratu daitekeen jakintza. Horren gabezian, ideologia burgesa bitartekaritza mekanismo oinarrizkoena bilakatzen da, egia haren kategoria funtzionalak legitimatzeko prozesura mugatzen delarik.

Mugimendu komunistak ezin du, bada, inongo ardurarik eta erantzukizunik ez duten gizabanakoen praktika elikatu. Ezin du gertakarien aurrean iritzi aniztasun abstraktu bat aldarrikatu ezta iritzi emaileei legitimitatea ematen dien ekinbidea sustatu. Alta, konpromisoak eta ardurak eskatzeko garaia da. Nortzuk dira gertakizun oro egoera gehiago lokazteko baliatzen dutenak? Zein da bere posizio politikoa? Zeinen izenean hitz egiten dute?

GEDAR LANGILE KAZETAren atzean zein ote dagoen galdezka ibili dira. Ez gara ezkutatzen. GEDAR ildo sozialista babesten duen egunkaria da eta harekiko konpromiso osoa duen bezala, langile klasearen askapenarekiko konpromisoa du; eta haien aurrean erantzuten du, ekintza eta esanekin.