Biolentzia matxista kasuak ugaritu egin ari dira azkenengo egunetan. Basaurin erailketa matxista bat egon zen orain dela bi aste, eta Berrizko erailketa matxista saiakerari Iruñeko emakume baten heriotza gehitu behar diogu, gizon batengandik ihes egiten ari zela. Horren guztiaren aurrean sortzen zaigun galdera ondorengoa da: nola egin diezaiokegu aurre basakeria honi?
Eman lezake kontzientziazio-lan guztia alperrikakoa dela, gizonen inpunitatea seinalatzeak ez duela ezertarako balio eta gaitz honek ez daukala soluziorik. Guda kultural bete-betean gaude. Alde batetik matxismoa ukatzen duten guztiak daude, emakumeen aurkako biolentzia gutxiesten dutenak, baita berau justifikatzera iristen direnak ere. Aipatzen ari garenaren gisako gertaerak izaten direnean gutxi aipatzen da faxista horiek daukaten ardura: beraiek dira biolentzia matxista legitimatzen duen testuingurua sortzen ari direnak. Faxisten aurrean, baina, milaka emakume eta militante daude, matxismoaren aurkako borroka amaierara eramateko prest daudenak eta jakin badakitenak eguneroko lan militanteak emaitzak ematen dituela, lehenago edo beranduago. Orain eman lezake erreakzioa eta faxismoa gailentzen ari direla, horrelako gertakariak areagotzen ari diren neurrian. Desesperantzan sakondu baino, egoera honek kontrakoa sortzeko balio behar du: esfortzu militantea areagotzeko, ikuspegi politikoa zorrozteko eta emakumeen aurkako biolentziaren aurka posizioak irabazteko.
Bi ondorio behintzat atera daitezke egoera honetatik: biolentzia matxistaren aurka kaleak hartzea lehen mailako betebeharra dela eta borroka hori guztia jendarte aske baten eraikuntzaren norabidean jarri behar dugula. Sistema kapitalista existitzen den bitartean matxismoak jarraituko du, emakume langileak azpiratuta edukitzea beharrezkoa baitu sistemak, eta horrek emakumeen menderakuntzari eta biolentziari ateak irekitzen dizkio. Sozialismoak matxismoaren aurkako berme izan behar du, eta horren ziurtasun behinena gaurtik hasita emakume langileon askapenaren alde egitea da. Horretan ari dira milaka militante komunista, eta atzo ere hartu zituzten Euskal Herriko kaleak biolentzia matxistari ezetz esateko eta inpunitatearekin amaitzeko.