AKTUALITATEA
Hilabete baino gutxiago geratzen da Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunerako, eta aurten ere, kaleak hartzera deitu du Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak. Azaldu du indarkeria matxista "gero eta bortitzagoa" dela eta forma berriak ikusten ari direla jendartean, "foroetan emakumeen argazki sexualizatzaileak partekatzea eta kalean hilketa matxistak egitea" kasu.
Antolakundeak, hala, eskuina eta ultraeskuinaren erantzukizuna seinalatu du, "emakumeen aurkako diskurtsoak eta erasoak normalizatzeagatik" eta, modu horretan, "erasotzaileen inpunitatea indartzeagatik". "Emakumeok lehen lerroan jarraituko dugu, matxismoaren eta faxismoaren aurka borrokatzen", adierazi du Itaiak.
Era berean, baina, azken urteetan agintean egon diren ezkerreko alderdien jarduna ere kritikatu du: "Indarkeria matxista ez dute lehentasunezko auzitzat hartu, eta instituzio kapitalisten barruko kudeaketara mugatu dute erantzuna, gero eta baliabide gutxiagorekin eta emakumeen babesa bermatu gabe". Horren adibide gisa aipatu dituzte urruntze-aginduen urraketak eta indarkeria jasaten duten emakumeak etxebizitza alternatibarik gabe uzten dituzten etxegabetzeak.
Kaleko mobilizazioa indartzeko premia
Instituzioen jardunarekin batera, kaleko mobilizazioa apaldu izana ere kritikatu du Itaiak, horrek "ideia matxista eta faxistei aurre egiteko indarra ahuldu duela" azalduz. Horren aurrean, "instituzioetatik harago eta ikuspegi independente batetik arituko den mugimendu indartsu" bat eraikitzearen alde egin du.
Hiru lan-ildo nabarmendu ditu borroka horretan: erasotzaileek tokirik izan ez dezaten, gero eta pertsona gehiago matxismoaren aurka posizionatzea; emakumeen babesa bermatzeko, kalitatezko bizi-baldintzen alde borrokatzea; eta herri zein auzoetan mobilizazioa sustatuko duen antolakuntza indartzea. "Indarkeria matxistaren kudeaketa hutsa ez da aterabidea guretzat", aldarrikatu du, eta dei egin du biolentzia hori "behin betiko amaitzeko" borrokara batzera. Azaroaren 25ean izango da hurrengo hitzordua, eta Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean mobilizatuko da antolakundea.