Saudi Arabiako Estatuaren petrolio-enpresa, Aramco, Europako hainbat findegitara egin behar zituen bidalketak bertan behera uzten edo atzeratzen hasi da, Saudi Arabiako ekialdetik mendebalderako oliobidea indarrez etenda geratu ondoren. Egunean 7 milioi upel hartzeko ahalmena du funtsezko azpiegitura horrek, eta herrialdearen ekialdeko aztarnategiak Itsaso Gorriko kostaldean dagoen Yanbu portuarekin lotzen ditu. Oliobidea zerbitzutik kanpo geratu zen irailaren 10ean, Saudi Arabiako agintariek milizia irakiar bati egotzi dioten drone-eraso baten ondorioz. Argus eta Reuters agentziek aipatutako iturrien arabera, bertan behera geratu dira Europako gutxienez hiru findegik irailaren amaierarako aurreikusitako kargamentuak, edo azarora arte atzeratu dira. Vortexa itsas-arakatzailearen datuek diotenez, irailaren 11tik ez da petrolio-irteerarik erregistratu Yanbutik.
Itsaso Gorrirako ibilbidea izan da Riadeko ibilbide alternatibo nagusia Ormuzko blokeoa saihesteko. Hala, eenaldiak eragin zuzena izan du Egiptoko Ain Sukhna terminala eta SUMED oliobidea (Mediterraneo itsasoko Sidi Kerir hirira petrolioa garraiatzen duena) hornitzen dituen esportazio-fluxuan. Egoera horren aurrean, sektoreko iturriek diotenez, salmenta-bolumen handiago bat Ormuzko itsasartea bera erabilita bideratzen saiatuko da Riad, bidalketa diskretuen edo aitortu gabeen bidez. Pertsiar Golkoko beste ekoizle batzuek erabiltzen dute metodo hori, hala nola Irakek edo Arabiar Emirerri Batuek. Bien bitartean, eskaintzan izandako eraginak gorantz bultzatu ditu petrolio-merkatuko kotizazioak, Brent upela 108 dolar inguruan kokatuz.
Eten horren ondorioz arriskuan dagoen konpainia nagusietako bat Poloniako Orlen energia-taldea da. Polonian, Lituanian eta Txekian findegiak ditu, eta Aramcoren mende dago, gutxi gorabehera lehengaien horniduraren %40rako. Kpler analisi-enpresaren esanetan, Poloniako Gdansk terminalak Saudi Arabiako 160.000 upel jaso ditu urte honetan zehar, eta Lituaniako Butinge portuak 63.000 upel inguru hartzen zituen egunean.