AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/14 11:08

Espetxeratuak izateko arriskuan daude Indar Gorriko bost kide. Nafarroako Fiskaltzak hiru urteko kartzela-zigorrak eskatu ditu haientzat, "hertsatze-delitu bat" egotzita. 2022an, Espainiako Selekzioak eta Amerikako Estatu Batuek Iruñeko (Nafarroa) Sadar zelaian jokatu zutenean, protesta bat egin zuen Indar Gorrik, eta bertan zeudenen kontra kargatu zuen Espainiako Poliziak, hainbat pertsona zaurituz eta identifikatuz. Gertakari horien harira auzipetu zituzten bost gazte, eta urriaren 29an epaituko dituzte, "ideologia- eta nazio-diskriminazioagatiko larrigarriarekin".

Indar Gorrik ohartarazi duenez, "espainiar nazionalismo erreakzionarioa normalizatzeko jokaldi baldar zein ageria izan zen" Espainia-AEBak partidua Sadarren antolatzea, eta horri aurre egiteko asmoz batu ziren protestara hainbat eta hainbat lagun. "Bortizki eta neurrigabe erreprimituak izan ginen Sadarreko ateetan [...]. Ezer berririk ez Euskal Herriaren historia beltzena idatzi duten indar errepresiboen aldetik", gogorarazi du.

Azpimarra jarri dio, gainera, "Espainiako Gobernua sostengatzen duten alderdi politiko profesionalen" erantzukizunari: "Haien kolaboraziorik gabe, horrelako partidak eta ekintzak aurrera eramatea ez litzateke posible izango".

"Antolakuntzaren beharra" nabarmendu du berriz Indar Gorrik, eta "antolatzen, mobilizatzen eta errepresioari eta Espainiari hortzak erakusten" segitzera deitu du. Horri lotuta, jakinarazi du hainbat mobilizazio eta ekimen antolatuko dituela datozen egunetarako, eta horietara batzeko deia egin du.

EZ DAGO IRUZKINIK