Skip to Content
AKTUALITATEA / Indarkeria matxista

Orduko bost emakume hiltzen dituzte munduan euren bikotekideek edo senideren batek

Etxeko eremuan indarkeria matxistaren ondorioz hildako 47.000 emakume eta neska izan ziren iaz, feminizidio guztien %60. NBEk ohartarazi du erailketa matxistaren tasa, oro har, gainerako giza-hilketena baino askoz astiroago jaisten dela.
2026eko azaroaren 25 - 09:12
Orduko bost emakume hiltzen dituzte munduan euren bikotekideek edo senideren batek

AKTUALITATEA

2025ean, ordu bakoitzeko, bost emakume erail zituzten munduan euren bikotekideek, bikotekide ohiek edo gertuko senideren batek. Ia 47.000 biktima utzi zituen horrek, Drogaren eta Delituen aurkako Nazio Batuen Bulegoak eta NBE Emakumeak erakundeak atzo argitaratutako txostenaren arabera. Beraz, iaz eraildako 78.000 emakumeen artean, %60 hil zituzten euren bikotekideek edo senideek; hau da, egunean 129 biktima, 11 minutuan behin bat.

Beraz, badirudi oraindik ere etxea dela lekurik arriskutsuena emakume edo neskato askorentzat, eta hori ez da ia aldatu azken urteotan: mundu osoko hilketen biktimen %19 emakumeak izan ziren, eta %60 eremu pribatuan erail zituzten, gizonen %11ko ehunekoaren aurrean. NBEk azpimarratu duenez, "premiazkoa da etxeko indarkeriaren prebentzioak harreman intimoak lantzea, baita familia-egitura zabalagoetako harremanak ere".

Afrikan dago bikoteko edo familiako feminizidioen tasarik altuena: 2,9 biktima 100.000 emakumeko. Hala ere, zonalde bakar bat ere ez dago salbu: atzetik jarraitzen diote Amerika (1,4), Ozeania (1,1), Asia (0,6) eta Europak (0,5). Europan, tasarik "txikiena" hegoaldean dago (0,3) eta altuena ekialdean (0,8); Amerikan, handiena erdialdean dago (1,6) eta baxuena iparraldean (1,2).

NBEk ohartarazi duenez, 2025ean (47.000) 2024an (50.000) baino estimazio baxuagoa egin izanak ez du esan nahi jaitsiera eraginkorra izan zenik; aitzitik, datuen eskuragarritasunean izandako hobekuntzek eragin dute jaitsiera hori. Hortaz, kezkatuta agertu da feminizidioen tasaren gainbehera motelagoa delako, oro har, gainerako giza-hilketena baino: 2010 eta 2025 artean, hilketen guztizko tasa %23 jaitsi zen Amerikan eta %43 Europan; feminizidioena, ordea, %12 eta %28 soilik jaitsi zen, hurrenez hurren. Beherakada motel horrek erakusten du, NBEren dosierraren arabera, arrisku-faktoreek eta feminizidioen arrazoiek "urteen poderioz ia aldatzen ez diren arau sozialetan eta genero-estereotipoetan hondoratzen dituztela sustraiak".

Txostenak salatzen duenez, aztertutako herrialdeen ia %70etan emakumeek gizonek baino oztopo gehiago dituzte justiziara jotzeko, lege eta joera diskriminatzaileen ondorioz; eta "dokumentatutako feminizidioen proportzio handi batean, biktimek aldez aurretik salatu zuten indarkeria agintaritzen aurrean". NBEk azpimarratzen du, hala, krimen horiek saihestu daitezkeela politika egokiak aplikatzen badira, eta garaiz detektatzeko eta azkar jarduteko estrategia integralak eskatu ditu hilketa horiek prebenitzeko, ikertzeko, epaitzeko eta zigortzeko.