Skip to Content
AKTUALITATEA / Errepresioa

Hamahiru lagun epaitzen ari dira Lizarran, Voxen ekitaldi baten kontra protesta egiteagatik

"Plus Ultraren balentria" eta Julio Ruiz de Alda falangista omentzeko ekitaldi baten aurka mobilizatu ziren akusatuak. Antifaxismoaren kriminalizazioa gaitzetsiz, elkarretaratze bat izaten ari da epaitegien kanpoan.
2026eko azaroaren 25 - 08:29
Hamahiru lagun epaitzen ari dira Lizarran, Voxen ekitaldi baten kontra protesta egiteagatik

AKTUALITATEA

Lizarra eta Gares inguruko hamahiru pertsonari egingo diete epaiketa gaur, faxismoaren kontra mobilizatzeagatik. Izan ere, otsailean, Vox alderdi faxistak Fray Diego kultur-etxean antolatutako ekitaldi baten aurka egin zuten protesta, Lizarran. Julio Ruiz de Alda falangista eta "Plus Ultraren balentria" omentzea zen Voxen asmoa, baina herritar andana mobilizatu zen gorazarre faxistari ezetz esateko. Foruzaingoak indarrez bota zituen manifestariak, eta hamahiru lagun auzipetu zituzten. Horren harira izango da gaurko epaiketa. "Mehatxuei" eta "derrigortzeari" lotutako delituak leporatzen dizkiete.

Epaituak izaten ari diren pertsonei babesa emateko, kontzentrazio bat izaten ari da Lizarrako epaitegiaren aurrean goizeko 08:30etik, Antifaxisten kriminalizazioari ez! lelopean. Orain arte ere, prozesu judizialari aurre egiteko dirua biltzeko asmoz eta "kontzientzia antifaxista zabaltzeko" xedez, izan dira beste hainbat ekitaldi antifaxista: urriaren 31n, adibidez, zenbait egitarau izan ziren Lizarran eta Garesen. "Errepresioak ez du gure konpromiso antifaxista itzaliko. Babes mediatiko eta ekonomikoa duten faxista gutxi batzuen aurrean, gehiengo antifaxista eta borrokalaria dago Lizarraldean eta Garesaldean", azaldu zuten egitarauen berri emateko prentsaurrekoan.

Lizarraldeko Kontseilu Sozialistak ere babes osoa eman die gaur epaituak izaten ari diren lagunei. "Vox alderdiak bere mezu faxistak zabaltzeko erraztasunak dituen bitartean, mezu faxistei aurre egiten dien jendea isun eta epaiketekin kolpatzen dute", salatu du.