Skip to Content
AKTUALITATEA / Langile-klasearen pobretzea

Aldarrikapen politikoz bete dute Baiona berriro ere, debekuen gainetik

Jaka Horien mugimenduak 'Hirugarren Ekinaldia' antolatu zuen larunbaterako, eta hirugarren asteburuz jarraian, milaka lagunek Baionako karrikak hartu zituzten, Estatuaren bilakaera autoritarioaren aurka, oraingo honetan. Hainbat debeku indarrean, Poliziak gogor egin zuen protestarien aurka, eta gutxienez hamazazpi lagun atxilotu.
2026eko azaroaren 2 - 14:47

AKTUALITATEA

"Datorren asteburuan, gure askatasun guztien alde mobilizatuko gara, manifestatzeko eskubidearen alde bereziki". Horrela mintzo ziren Benjamin Ball eta Azelma Sigauz Jaka Horien mugimenduko eledunak joan den urriaren 24an, Bigarren Ekinaldian zehar. Hala, Hirugarren Ekinaldirako deialdiak Frantziako Estatuko lurralde osoan barrena zabaldu ziren hurrengo egunetan; eta, Baionan (Lapurdi) ere, manifestazioa egin zuten deialdiari erantzunez, larunbatean bertan. Milaka lagun elkartu ziren hirugarren asteburuz jarraian, eta bizitzaren garestitzea eta ikas- zein lan-baldintzen okertzea salatu zituzten. Agintaritzen arabera, 2.800 manifestari izan ziren Baionan.

Hiriburuko Herriko Etxetik abiatuta, martxa luze bati ekin zioten protestariek, zenbait debekuk ohartarazita: ezin zen A-63 autobidearen ingurutan zein Herriko Etxe aurrean manifestatu, ezta prefektura-ordetzaren egoitzaren, komisarien edo auzitegien aurrean ere. Hori horrela, hirigunearen erdigunera itzuli zenean mobilizazioa, tentsio-unea sortu zen hainbat manifestari Herriko Etxearen aurrean gelditu zirenean. Momentu horretan, astebete lehenago bezala, blokea bitan banatu zen, sindikatuetako ordezkariek agintaritzekin adostutako ibilbidetik jarraitu baitzuten. Hori horrela, kargei ekin eta manifestarien aurka gas negar-eragilea bota zuen Poliziak. 

Hurrengo minutu eta orduetan konfrontazioak ugaritu, eta Baionako beste hainbat eremutara zabaldu ziren. Horregatik, perimetroa ezarri zuten agenteek zenbait eremutan, hala nola Saint Esprit auzora eta tren-geltokira daraman zubian. Ugaritu egin ziren Poliziaren kargak, borra-kolpez jazarri zituzten ikasle eta langileak, eta zenbait lagun atxilotzen hasi ziren: Ipar Euskal Herriko mobilizazioan hamazazpi pertsona eraman zituzten, gutxienez. Pirinio Atlantikoko prefekturaren arabera, ordea, 26 lagun atxilotu dituzte asteburuan zehar, Pauko eta Baionako gertakariak batuta.

Azken hiru asteburuetako mobilizazioen balantzea, beraz, honako hau da: 38 pertsona atxilotu dituzte, gutxienez, Baionako manifestazioen harira. Horiei gibelatutako kartzela-zigorrak, manifestatzeko debekuak edo "hiritartasun ikastaroak" ari dira ezartzen, eta baliteke datozen egunotan protestari gehiago atxilotzea, Baionako komisarian konfrontazioak ikertzeko eta "matoiak, manifestari biolentoak, eta arpilatzen dutenak" harrapatzeko ikerketa-zelula bat jarri baitute martxan.

Frantziako Estatuko krisi sozial eta politikoaren kontraesanak ari dira agerian uzten azken asteburuotako mobilizazioak, Jaka Horien eta ikasle- nahiz langile-sindikatuen gidaritzapean. Hori horrela, autoritarismoaren aurkako borroka bizi-baldintza hobe batzuen aldekoarekin lotu du mugimenduak, eta protestan jarraituko dutela adierazi dute: lanbide arteko greba handi bat espero da datorren ostegun honetarako, azaroaren 5erako. Langile eta ikasleek bat egin dute deialdiekin, eta Frantziako Estatu osoan bezala, Ipar Euskal Herriko hainbat eta hainbat ikastetxetan nahiz lantegitan borrokak espero dira.