AKTUALITATEA
Hurrengo astean, hiru greba-egun egingo dituzte Petronorreko langile azpikontratatuek, lan-baldintzak hobetu daitezela eskatzeko. Izan ere, 1.500 langile inguru daude azpikontratatuta Muskizko findegian (plantillaren %61 inguru), baina salatzen dute eskasak direla euren lan-baldintzak. Oraintsuko adibide bat emateko, langileek ia hilabete daramate aldageletan ur berorik gabe; baina soldata-igoerak, enpleguaren egonkortasuna, arriskuari aurre egiteko prebentziozko neurriak, atsedenaldi egokiak, kalitatezko azpiegiturak eta beste ere aldarrikatzen dituzte.
Abenduaren 1ean, 2an eta 3an, hala, greba egingo dute findegian azpikontratatuta jarduten duten beharginek; ELA, ESK, CCOO, UGT eta LAB sindikatuek egin dute deialdia. Salatzen dute ez Petronorrek ez azpikontratatutako enpresek ez dutela inolako borondaterik erakutsi plantillaren baldintzak hobetzeko, eta blokeaturik daudela negoziazio-bideak. "Findegiaren aberastasuna ezin da azpikontratetako langileen prekaritatearen gainean eraiki", seinalatu dute sindikatuek.