AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE
2025/09/06 08:45

Uda honetan bakarrik, 400.000 hektarea baino gehiago kiskali dira Espainiako Estatuko hainbat lurraldetan, 2022 osoko marka gaindituz. Espainiako Gobernuak argitara ateratako datuei erreparatuz, ikus daiteke nola Europar Batasuneko beste edozein estatutan baino sute gehiago eta kiskalitako azalera handiagoa izan zirela 2022an: 315.705 hektarea, Araba osoa baino gehiago.

Zifra horiek gainditu izanak gorakorra den errealitate bat islatzen du: sute handien gorakada. Izan ere, piztutako sute guztien %0,54 soilik izan arren, 5.000 hektareatik gorako suteek kaltetutako azalera osoaren %80,78 erre zuten. Horrek agerian uzten du arazoa ez dela sute kopurua soilik, haien kontrolaezintasuna baizik.

Gehienak nahita eragindakoak

Datu ofizialek erakusten dutenez, sute gehienek "giza-faktorea" dute atzetik, eta askotan, interes ekonomiko argiak. Pizte-kausa ezaguna duten kasuen %60tan baino gehiagotan, nahita eragindako suteak izan dira. %31 dira "zabarkerien" emaitza, eta soilik %5 tximistek eragindakoak.

Nahita eragindako sute horien motibazio nagusiak aztertzean, ikus daiteke 2006 eta 2015 artean, esate baterako, %28 sastrakak eta hondakinak modu ahalik eta merkeenean kentzeko nekazaritza-jarduera tradizionalei egotzi zitzaiela. %23, berriz, abeltzainek larreak birsortzeko piztutako suteak izan litezke. Asturiasen, adibidez, abeltzainen interesek suteen %70 eragin zuten.

Suteei aurre egiteko zerbitzuen pribatizazioa

Sua itzaltzeak ere bere inpaktu ekonomikoa handitu du, gainera. Azken urteetan, prebentzio- eta itzalketa-zerbitzuen pribatizazioa inoiz baino gehiago hazi da: Gaztela eta Leon edo Galizia bezalako komunitateetan, helikoptero, logistika edo lan-talde pribatuen kontratazioak diru publikoaren zati handi bat hartzera iritsi dira, hainbat hedabideren arabera.

Adibidez, "gaitasun handiko" helikoptero baten hegaldi-orduak 6.000 euroko kostua izan dezake une honetan, suteetan halako hainbat eta hainbat behar izaten direlarik. Hala, azken urteetako joerek erakusten dute inbertsio handiagoa egiten dela itzalketarako kontratazioetan, prebentzio eraginkorrean baino. Zentzu horretan, 2019an, arriskuan zeuden hiru udalerritatik bik oraindik ez zuten suteen prebentziorako planik indarrean.

Suteen gestioa ere negozio

Sutearen osteko kudeaketak ere negozio-eredu jakin batzuk elikatzen ditu. Portugalgo adibidea, Galizian errepika daitekeena, oso adierazgarria da. Bertan, eukaliptoaren monolaborantzak, papergintzako enpresa handiek sustatuta, suteak hedatzeko erregai aproposa sortzen du. Sute baten ondoren birlandatutako lurren %81etan eukaliptoa landatzen dute, hasieran aipatutako suteen kontrolagarritasuna erabat deuseztatuz.

Suteek, halaber, lurraren prezioa jaisten dute, enpresa handiek merkeago eros dezaten ahalbidetuz; eta horrez gain, erretako egurraren balio ekonomikoa egur "berriaren" balioa baino hamar aldiz txikiagoa den arren, birlandatzeko dirulaguntza publikoek negozioa bere horretan sostengatzen dute.

EZ DAGO IRUZKINIK