AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Testaren jabetzako etxeetako bizilagunek protestara jo dute, Etxebizitza Sindikatuekin antolaturik
Ez berritzeko arriskuan daude lehen babes ofizialekoak ziren 507 etxeren alokairu-kontratuak. Maizterrek hilabeteak daramatzate Etxebizitza Sindikatuekin antolatzen, eta atzo elkarretaratzeak egin zituzten aldi berean hainbat auzotan, 'Testa kanpora! Etxebizitzak bizilagunentzat' lelopean.
2026eko ekainaren 17 - 08:24
Testaren jabetzako etxeetako bizilagunek protestara jo dute, Etxebizitza Sindikatuekin antolaturik

Iruñean, elkarretaratzeak egin zituzten atzo Testa Residencialen jabetzakoak diren hainbat etxebizitza-bloketan bizi diren maizterrek. Protestak arratsaldeko 19:00etan izan ziren, Artikaberrin, Ipar Etxabakoitzen, Sanduzelain eta Errotxapean, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk egindako deialdi bateratu batean.

Kontzentrazioen bidez, "Iruñean ehunka lagunek duten egoera larria" salatu zuten. Izan ere, bizilagunak kezkatuta daude beren etorkizunarekin: Babes Ofizialeko Etxebizitzetan bizi izan dira alokairuan, baina 2017tik 2023ra iraungi egin zitzaien babes ofizialaren kalifikazioa pisu horiei, eta Testa Residencialek alokairuaren prezioak igotzeko aprobetxatu zuen hori. Bost urte baino gehiago daramatza etxebizitzen jabea izaten Testak; Nafarroako etxejaberik handiena da, baita Blackstone putre-funts ezagunaren higiezinetako inbertsio-sozietatea ere. Orain, Iruñerriko ehunka maizter euren etxea galtzeko arriskuan daude, haien alokairu-kontratuak 2027. eta 2029. urteen artean bukatzen baitira, eta Testak ez baitu haiek berritzeko asmorik. Adierazi dutenez, beste behin, "putre-funtsak egoera aprobetxatu nahi du bere irabaziak handitzeko, oraingoan, etxebizitza horiek, hutsik, higiezinen merkatu erakargarrian saltzeko".

Halaber, nabarmendu dutenez, etxebizitzak "babes ofizialekoak izateak ez du balio izan bertan bizi direnen kalitate eta egonkortasun baldintzak ziurtatzeko". Izan ere, lehen aipatutako kontratu-amaiera ez da duten arazo bakarra; denbora luzea daramate "teilatuak egoera txarrean, atezain automatikoak hondatuta, igogailuen etengabeko arazoekin, izurriteekin, teilatu-hodiak buxatuta eta hezetasunak eta itoginak konpondu gabe izaten". Diotenez, horren guztiaren ardura Testarena da, etxejabea den neurrian, baina ez da betetzen ari.

Testaren eta Nafarroako Gobernuaren akordioa

Gogorarazi dutenez, babes ofizialaren kalifikazioa iraungi zitzaienean eta Testak alokairuaren prezioa igo zuenean, 2020an, "bizilagunen borrokari esker, Nafarroako Gobernuak akordio bat egin zuen putre-funtsarekin. Geroztik, diru publikoa bideratu du alokairuak diruz laguntzeko, eta aldi baterako eta partzialki arindu ditu arazo honen ondorioak". Gainera, esan dutenez, "hasieran babes ofiziala zuten etxe horien bidez, diru publikoaren kantitate ikaragarriekin finantzatu dira eraikuntza-enpresen, bankuen eta putre-funtsen etekinak ia 30 urtez"; bitartean, ezegonkortasuna sentitu dute bizilagunek, "etxeak hondatzen joan direlako batetik, eta haien kontratuak amaitu zitezkeelako, bestetik".

Borrokari ekin diote maizterrek: Testa eta Nafarroako Gobernua erantzule

Testaren maizterrek azaldu dute elkarrekin antolatu eta borroka bateratu bati ekitea erabaki dutela, eta beren aldarrien berri eman dute. Batetik, etxetik joateari uko egiten diotela jakinarazi dute, eta Nafarroako Gobernuari irtenbide iraunkor bat eskatu diote, "egoeraren erantzule nagusietako bat baita". Horretarako, eskatu diote kontratuak mugarik gabe luza ditzala babes publikoko baldintzetan eta lehenetsi ditzala bizilagunen interesak, eta ez etxebizitzarekin negozioa egin nahi duten horienak. Halaber, bizilagunek ohartarazi dute ez dutela onartuko inolako etxegabetzerik prozesuan.

Bestetik, Testa Residenciali exijitu diote "bete ditzala etxejabe moduan dagozkion funtzioak", gaineratuz kanpaina bat abiatu dutela enpresa kudeatzaileari "eskakizun idatziak bidaltzeko, norberarenak eta kolektiboak, eraikinetako eta etxebizitzetako kalteak konpontzeko". Hori esanda, deia luzatu dute datozen hilabeteetarako antolatu dituzten jarduera, ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko.