Aurreko larunbatean, Iruñean (Nafarroa) egin zuten agerraldi bat arlo politiko, sozial, sindikal, kultural eta kirol-mundukoan aritzen diren ehunka kolektibotako ordezkariek, Abiadura Handiko Trenari (AHT) ezetz esateko. Izan ere, 264 elkartek bat egin dute makroproiektuaren aurka, eta manifestu baten bidez, AHTa egiteko obrak gera ditzatela eskatu dute, iritzita proiektua "mehatxu sozial, ingurumeneko, ekonomiko eta kultural larria" dela "planeta osoarentzat".
"Enpresa-botereek agintzen dutenetik haratago, Nafarroako jendarte-sarea AHTa gelditzearen alde dauden argudioak bezain anitza da", aldarrikatu zuten larunbatean, argazki jendetsua egitean. Etxaldeko Gotzone Sestorainek eta Ekologistak Martxaneko Iosune Ruizek irakurri zuten manifestua, eta AHT Gelditu! plataformatik azaldu dutenez, ekitaldiak "krisi ekosizial honen erdian bere etorkizunaren alde borrokatzen den Nafarroaren aniztasuna islatu" zuen, "lurraren defentsa beste edozein kontsiderazio ekonomizistaren gainetik jarri behar duen etorkizunaren alde borrokatzen den Nafarroa anitza", hain zuzen ere.
Jose Antonio Santanok, Garraio estatu-idazkariak, berriki esan du laster bukatu nahi dituztela zundaketak eta urte honetan hartu behar direla AHTari buruzko erabakiak.