AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Jendarmeak, Sainte-Solinen joan den martxoan. ARGAZKIA / Franceinfo
2023/04/11 09:39

Reporterre hedabideak aurreko astean jakinarazi zuenez, Frantziako Estatuko polizia-indarrek produktu ikusezin bat baliatu dute Sainte-Solinen (Deux-Sèvres) izan ziren manifestariak jarraitzeko eta atzemateko. Dirudienez, pertsonak markatzeko balio duen produktu bat erabili zuen poliziak Sainte-Solineko protestetan. Lehen begiratuan ezin da ikusi nor zikindu duten produktu horrekin, baina azalean nahiz arropan jarraitzen eta irauten du gerora ere; gutxienez, hainbat astez. Argi ultramorea erabilita ikusten dira produktu horren orbanak.

Sainte-Solinen izan ziren bi pertsona atxilotu zituzten jendarmeek martxoaren 26an, produktu ikusezin hori argi ultramoreari esker atzeman ondoren: eskuan zeukaten orban txiki bana atxilotuek. Kazetaria da haietako bat, eta protestan parte hartu zuen manifestari bat bestea. 24 orduz izan zituzten gatibu biak.

Martxoaren 25ean izan ziren protesta jendetsuak Sainte-Solinen, han egin nahi duten urtegi erraldoiaren proiektuaren kontra. 30.000 pertsona inguru bildu ziren proiektu suntsitzailearen aurka protesta egiteko, eta ehunka lagun zauritu zituen poliziak, horietako 40 larriki.

Arma berri bat

Reporterre atariak jakinarazi du Kodifikatutako Markatze Produktu (PMC) bat dela poliziak Sainte-Solinen erabilitakoa. Jaurtigai batzuk erabiltzen dira produktua jendeari botatzeko, paintball-ean erabiltzen diren jaurtigailuen antzekoak diren gailu batzuen bidez. Modu horretan, distantziara manifestariak markatzea lortzen dute poliziek, zuzenean atxilotu ezin dituztenean.

Frantzian, eta mobilizazio baten testuinguruan, Kodifikatutako Markatze Produktu baten erabilerak atxiloketa bat justifikatu duen aurreneko aldia izan da honakoa. Lapurretetan edota faltsutze kasuetan erabili izan ditu markatze produktuak poliziak, baina, 2019ko martxoan, Txaleko Horien mobilizazioen unean, manifestarien kontra erabiliko zela iragarri zuten.

Markatze produktuen jaurtiketa edo tiro bakoitza modu zehatz batean kodifikatzen da; hala, gerora pertsonaren bat produktu horrekin zikinduta atzematen badute, zehazki zein tokitan eta zein unetan markatu duten jakiten du poliziak. Zehastasuna da, azaldu izan dutenez, arma horren eraginkortasunaren gakoetako bat.

Chloé Chalot abokatuak Reporterre hedabideari esan dionez, "ez dugu ezagutzen arma horren erabileraren marko legala". "Ez dugu aurkitu nola erabil daitekeen adierazten duen dekretu edo araudirik", gaineratu du.

EZ DAGO IRUZKINIK