AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Josu Jon Imaz, Repsoleko kontseilari delegatua.
2023/02/17 09:32

2022. urtea historikoa izan zen bizitzaren garestitzeari dagokionez, besteak beste, goia jo baitzuten erregaien prezioek; litroko 2 eurotik gorako prezioa izatera heldu zen gasolina. Urtea, baina, historikoa izan zen hainbat entitateren irabaziei erreparatuta ere: inoizko etekinik handiena lortu zuen, esaterako, Repsol energia- eta petrolio-enpresak. 2021ean izandako irabaziekin alderatuta, 2022an %70 gehiago irabazi zuen Repsolek; 4.251 milioi euro, hain zuzen ere.

Horri esker, pandemia garaian ustez bildutako zorra %61 murriztea lortu du enpresak. Gainera, 5.000 milioi euroko inbertsio bat egingo du 2023rako, hainbat energia mota "sustatzeko".

Espainiako Gobernuak iaz iragarri zuen zerga berri bat ezarriko ziela banketxeen edota energia-enpresen "aparteko irabaziei", eta horretaz kexu dira banketxeak nahiz energia-enpresak. "Mezu populistek enpresa-jarduera zailtzeko, inbertitzaileekiko mesfidantza sortzeko, inbertsioa eta jarduera ekonomikoa murrizteko, zerga-bilketa murrizteko eta industria-enplegua arriskuan jartzeko baino ez dute balio", esan du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuak.

Espainiako Estatuko sei banketxe nagusiek ere irabazien marka guztiak hautsi zituzten 2022an; zehazki, Santander, BBVA, CaixaBank, Sabadell, Bankinter eta Unicaja banketxeek.

Bi bisaiak

Iazko abenduaren amaieran, Kontseilu Sozialistek deituta, manifestazioak izan ziren Baionan (Lapurdi), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) nahiz Iruñean (Nafarroa). Proletalgoaren aurkako ofentsiba gelditu. Autodefentsa sozialista antolatu aldarriaren pean izan ziren bost hiriburuetako mobilizazioak.

"Garai latzak datozela esaten digute, gerrikoa estutu behar dugula: elikagaiak lortzeko maximo historikoetan dauden prezioak ordaintzen ditugu, gasaren eta argiaren prezioak neurriz kanpokoak dira eta, zenbat diru utzi dugu gasolinan? Bizitza etengabe ari da garestitzen", salatu zuten orduan Kontseilu Sozialistek: "Gerrikoa estutu behar dugula esaten digute, baina enpresen irabaziak soldatak baino zazpi aldiz gehiago hazi dira eta sektore enpresarial guztien errentagarritasuna pandemia aurreko mailan dago gutxienez".

EZ DAGO IRUZKINIK