AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Vulcanizados Zuloagako langileen elkarretaratzea. Argazkia: ELA
2021/07/15 19:49

Automobilgintza sektoreko bi enpresatako langileek grebari ekin diote hilabete honetan, hain zuzen, Zaratamoko (Bizkaia) Vulcanizados Zuloaga eta Oñatiko (Gipuzkoa) Stadler enpresetako langileek.

Arrigorriagako (Bizkaia) udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo Vulcanizados Zuloagako beharginek, haien egoera salatzeko. Hori ez ezik, enpresako zuzendaritzaren erantzun "eskasa" salatu zuten eta, gainera, greba eskubidea urratzen ari zaiela jakinarazi zuten. Izan ere, greban dauden beharginak ordezkatzen ari da zuzendaritza.

Stadler enpresako langileek uztailaren 8an zein 13an egin zituzten lanuzteak, eta mobilizazioei jarraipena emateko asmoz, gaur ekingo diote greba mugagabeari.

Zamudioko (Bizkaia) Pine Equipos Electricos enpresako langileek, bestalde, grebari eutsiko diote. Grebaren pizgarria zuzendaritzak mahaigaineratutako enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) izan zen, zeinak 60 langileetatik 40 kaleratzea jasotzen zuen, pandemia egoera eta "egoera koiunturaleko zailtasunak" argudiatuta. 

Grebak aurrera egin ahala, langileek espedientea berrikustea lortu dute, eta zuzendaritzak erdira jaitsi du proposatutako kaleratzeen kopurua. Hala ere, hura ezetsi eta grebarekin jarraituko dute, helburua kaleratze guztiak ekiditea baita. Gainera, espedientea bide juridikotik ere salatuko dutela dio ELA sindikatuak, "egoera koiunturala erabiliz kaleratzeak egin nahi baititu enpresak".

EZ DAGO IRUZKINIK