AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/26 15:19

Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta, gaur ere mobilizazioak egin dituzte ikasleek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Palestinako herriarekin elkartasunez, eta Israelgo Estatu genozidaren nahiz bere aliatuen kontra. Gasteizko (Araba) campusean, Bilboko (Bizkaia) Indautxu plazan, Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegi plazan, Iruñean, izan dira gaurko mobilizazioak.

Beste behin ere, nabarmena izan da segurtasun-indarretako polizien eta Ertzaintzaren presentzia; hala nola, Gasteizko mobilizazioan nahiz Ibaetan, goizeko aurreneko ordutik.

"Azken asteetan asko larritu da Palestinako egoera politiko zein soziala" ohartarazi dute berriz IAko kideek, gaurko protestetan: "Israelgo Estatuak palestinar herriaren aurka aurrera daramatzan hamarkada luzetako okupazioaren eta genozidioaren aurrean, borrokaren bidez erantzun du Palestinako erresistentziak, eta Israelek ofentsiba militarra abiarazi du.

Gogorarazi dute "Israelgo Estatuak etengabe jazarri" dituela palestinarrak, eta "ideologia sionista supremazistaren inguruan ardazturiko gobernuek palestinarrak desagerrarazteko asmoa" izan dutela denbora luzez, "lurren okupazioaren, torturaren eta erailketen bitartez". Hori guztia, gainera, "Mendebaldeko bloke inperialistaren babesarekin" egiten dute sionistek, IAk seinalatu duenez: "Israel da Ekialde Hurbilean Mendebaldeko oligarkiak duen aliaturik garrantzitsuenetakoa".

"Garbi dago Israelgo Estatua inpunitaterik gabe ari dela", gaineratu du: "Atzo bertan, Israelgo Lehen ministroak Gaza militarki hartzeko mehatxua egin zuen, baina argi izan dezatela palestinar erresistentzia aurrean izango dutela".

Gobernua nahiz EHU, konplize

Mendebaldeko aliatuen barruan, Espainiako Gobernua ere "genozidioaren konplize zuzena" dela salatu du IAk: "Gutxirako balio dute bakearen, elkarrizketaren eta nazioarteko zuzenbidearen alde zabaldu dituzten mezuek, bitartean, NATOren politika ekonomiko eta militarra babesten badute eta Israeli babesa adierazten badiote". 

Eta, hezkuntzako erakundeei erreferentzia eginda, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU/UPV) ere seinalatu dute erantzule gisa. "Azken asteetako isiltasunak adierazten duen bezala, bost axola zaizkio sarraskia eta eraila izaten ari den palestinar herria, unibertsitateari nahiz bere errektoretzari inporta zaizkion bakarrak enpresak eta horiekin dituzten akordioak baitira", esan dute IAko kideek. Gogoan izan dute EHUk "horrenbeste goraipatzen dituen enpresa-akordioen artean" daudela, hain zuzen ere, Sapa Placencia, ITP Aero eta CAF, besteak beste. "Enpresa horiek Israeli genozidioa aurrera eramateko baldintzak bermatzen ari dira, AEBetako Armadarekin dituzten tratuen zein Israelekin duten harremanaren bitartez", gaitzetsi dute ikasleek. Hala ere, EHU "ardurarik izango ez balu bezala jokatzen" ari dela salatu dute.

Diskurtso bakezaleak

Bestalde, "bi aldeak berdintzen dituen eta akordioen aldekoa den mezu distantziakideak" lortzen duena "Israelgo erregimena zuritzea eta palestinarren erresistentziaren kriminalizazioa bultzatzea" da, IAk kritikatu duenez. "Argi geratu da eskaintzeko prest dauden akordio posible bakarra palestinarrei zapaltzailearen bakea inposatzea dela", gehitu du.

"Guk, kontrara, Palestinari, palestinar erresistentziari, elkartasun osoa adierazten diogu eta gogor salatzen dugu sarraskia aurrera eramatea ahalbidetzen duten gobernu, alderdi politiko eta instituzio guztiak egiten ari direna", argitu du IAk: "Ezin dugu gatazkaren konponbidea bi aldeek tentsio militarra gutxituta eta negoziazioei ekinda erdietsiko dela pentsatu. Dominazioaren eta zapalkuntza guztien aurka, nazioartean sozialismoaren aldeko indar politiko bat berrantolatzea ezinbestekoa da, hori baita herri langileen askatasuna eta gerrarik gabeko jendarte baten oinarriak eraikitzeko bermea".

Goizean, protesta-ekintzak campusetan

Gaur eguerdiko mobilizazioen aurretik, hainbat eta hainbat ikaslek protesta-ekintzak egin dituzte Ibaetako, Gasteizko eta Leioako campusetan, bai eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan ere. Errepide-mozketak izan dira, besteak beste.

EZ DAGO IRUZKINIK