AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/26 09:29

Amerikako Estatu Batuetan, ikasleek hainbat egun daramatzate Palestinarekin elkartasunez mobilizatzen. Unibertsitate ugaritan ekin diete protesta eta kanpaldi jendetsuei: mobilizazioak izan dira, besteak beste, Texasen, Kalifornian, Connecticuten, Mexiko Berrian, Minessotan, Illinoisen eta Washingtonen.

Joan den asteazkenean, Poliziak gogor jo zuen protestan zeuden gazteen kontra, toki ugaritan: Texasko Unibertsitatean, Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitatean, Bostongo Emerson Collegen, eta abar. Polizia-indarrak bortizki eta armaturik sartu ziren campusetara, eta eraso egin zieten ikasleei. 250 atxilotu izan ziren.

Horren ostean, baina, hedatu besterik ez dira egin Palestinaren aldeko mobilizazioak. Atzo, ostegunean, hainbat campusetan zabaldu ziren protestak, sarraskiaren kontra, eta AEBetan jazarritako pertsonekin elkartasunez. Esaterako, Austinen (Texas) eta Los Angelesen (Kalifornia) izan ziren mobilizazioak atzo.

Protestak kriminalizatzeko, ohiko argudio bati heldu diote kargudun errepublikanoek nahiz demokratek: juduen kontrakoak direla ikasleen mobilizazioak. Hala, esku har dezala eta "ordena ezar" dezala eskatu diote gobernuari.

Kalifornia Hegoaldeko Unibertsitateak, bestalde, jakinarazi du bertan behera utzi duela graduazio-ekitaldi nagusia. Maiatzaren 10ean izan behar zen berez, eta hitza hartu behar zuen markarik onenak lortu dituen ikasleetako batek; islamiarra da.

EZ DAGO IRUZKINIK