AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/30 13:34

Tabernako langile bat zaborrontzia erdi hutsik edo erabat hutsik daramala doa "zaborra botatzera", ordenagailuan txateatzen edo lanean ez beste edozein jardueratan aritzen diren bulegoko langileak, telelanean lo egiten dutenak... Langile askok eta askok ez dute euren lana atsegin, alderantziz, gorroto dute eta ahal bezainbeste egiten diote ihes. Gallup Ameriketako Estatu Batuetako ikerketa eta aholkularitza enpresak zifrak jarri dizkio fenomenoari.

Horretarako, mundu mailako inkesta bat egin du berriki, eta horren arabera, honakoa da langileek soldatapeko lanarekiko duten jarrera: soilik langileen %13k adierazi dute lanera gogotsu joaten direnik, %63k esan dute ez daudela "beren lanarekin inola ere konprometituta", eta gainerako %24k onartu dute kontratatzen dituzten enpresei "kalte egiteko" edo "lan egitea aktiboki saihesteko moduan" jokatzen dutela.

Soilik langileen %13k adierazi dute lanera gogotsu joaten direnik

Ikerketa enpiriko gutxi egin dira aspaldian fenomeno horren inguruan. Cambridge Unibertsitateko Roland Paulsen soziologo suediarrak paradoxa batekin ematen dio hasiera gaia jorratzen duen Empty Labor: Idleness and Workplace Resistance (Lan hutsa: Alferkeria eta Lantokiko Erresistentzia) ikerketari: "Nahiz eta munduko langile gehienek geroz eta ordu gehiago ematen dituzten lanean, nazioarteko estatistikek diote langile bakoitzak egunean bi ordu ematen dituela batez beste lanekoak ez diren jardueretan".

Ikerlanean bertan, Paulsenek erakusten ditu Finlandian 2010ean jasotako datu oso zehatzak: langile finlandiarrek, batez beste, egunean 40 minutu ematen zituzten Interneten nabigatzen, ordu laurden eta 20 minutu artean aparteko atsedenaldietan, beste horrenbeste kafea hartzen, bost minutu baino zertxobait gutxiago tabakoa erretzen, 10 minutu eta ordu laurden artean egunkaria irakurtzen, 20 minutu "korridoreetako elkarrizketetan", eta beste ordu laurden eta 20 minutu artean "bestelakoetan".

Lanarekiko jarrerak Espainiako Estatuan

Gallupek Espainiako Estatuko lan-egoerari buruz egindako antzeko ikerketa baten arabera, soldatapekoen %90ek adierazi dute ez daudela "beren lanarekin konprometituta"; Europako batez bestekoa den %87k baino gehiagok, alegia. Gainera, %20k lanean "haserrea" sentitzen dutela azaldu zuten, Europako batez bestekoak (%14) baino gehiagok.

[Espainiako Estatuko] soldatapekoen %90ek adierazi dute ez daudela "beren lanarekin konprometituta"; Europako batez bestekoa den %87k baino gehiagok

Laneko estresa ere kezka handia da inkestaren arabera, galdeketa bete zutenen artean %36k aitortu baitzuten "egunero estresa pairatzea". Izatez, Espainiako Estatua 22. postuan dago langilerik estresatuenak dituzten Europako herrialdeen artean, nahiz eta kontinenteko batez bestekoa (%39) baino zertxobait beherago kokatzen den. Enplegu hobea aurkitzeko itxaropen falta ere nahiko altua da Espainiako Estatuan: inkestatuen %26ri baino ez zaie momentu aproposa iruditzen lan hobea topatzeko, Europako batez bestekoaren %56arekin alderatuta.

2024ko urtarrilean 40dB inkestatzaileak La Ser katearentzat egindako inkestak ere hankaz gora jartzen ditu soldatapeko lanaren inguruko hainbat mito: Espainiako Estatuko biztanleen bi herenek baino gehiagok (%64,9) uste dute entxufismoak edo kutunkeriak hobeto funtzionatzen dutela enplegu hobe bat lortzeko, kualifikazioak edo gogor lan egiteak baino. Belaunaldika, 43 eta 58 urte artekoen %68,5ek uste dute gisa horretako pertsonalismoak direla enplegu hobea lortzeko biderik aproposena; 34 eta 43 urtekoen artean, berriz, %66,5ek iritzi diote hori; eta %63,4k 30 urtetik beherakoen artean.

Bi herenek baino gehiagok (%64,9) uste dute entxufismoak edo kutunkeriak hobeto funtzionatzen dutela enplegu hobe bat lortzeko, kualifikazioak edo gogor lan egiteak baino

Inkesta horrek, halaber, agerian uzten du laneko gehiegikeriei buruzko kezka orokortua dela Espainiako Estatuko langileen artean. %76,9ren ustez, "nahiko ohikoa" da lanean gehiegikeriak jasatea, hau da, legez kanpoko lan-baldintzak eta tratu txarrak sufritzea. Sentipen hori bereziki zabalduta dago kualifikazio baxuagoko langileen artean. Enpresaburuek, logikoa denez, ez dute uste lan-gehiegikeria arazo orokortua edo garrantzitsua denik; %16k baino ez dute hori pentsatzen.

%76,9ren ustez, "nahiko ohikoa" da lanean gehiegikeriak jasatea, hau da, legez kanpoko lan-baldintzak eta tratu txarrak sufritzea. Sentipen hori bereziki zabalduta dago kualifikazio baxuagoko langileen artean

Lan-asegabetasuna, bestalde, gero eta hedatuago dago belaunaldi berrien artean. Laneko gogobetetasuna 11 puntu jaitsi da lau belaunalditan zehar. Adibidez, Baby Boomer (1946 eta 1964 artean jaiotakoak) izenez ezaguna den belaunaldian %88k beren lanak gogobetetzen dituela aitortzen duten bitartean, Z belaunaldiak (1993 eta 2012 artean jaiotakoak) zifra nabarmen txikiagoa du: %77k erakusten dute gogobetetasun hori beren lanarekin. Gainera, soldatapean diharduen biztanleria bere osotasunean hartuta, %44,6 ez daude pozik edo batere pozik beren soldatarekin.

40dBk eginiko ikerketak utzitako beste ondorioetako bat da "etsipen orokorra" islatzen dela Espainiako Estatuko langileek lanarekiko duten jarreran. Nahiz eta, asegabetasun nabarmeneko egoera baten aurrean, hamar langiletik batek bakarrik onartzen duen bere lanpostua uzteko jarrera irmoa, gehiengoak, %70,8k, "lanean jarraituko luketela" ziurtatzen dute; aktiboki beste lan-aukera bat bilatzearekin batera, hori bai. Horrek etsipen-sentsazio orokortu bat iradokitzen du: gehienak ez daude pozik duten lanarekin, baina ez dute bestelako aukerarik ikusten.

Esfortzu gehiago, zapalkuntza gehiago

Langileen jarrerek lanpostuan dituzten ondorioen inguruko ikerlan bat argitaratu zuen 2023ko maiatzean Gizarte-Psikologia Esperimentaleko Aldizkariak (JESP, ingelesezko sigletan). Horren arabera, nagusiekiko leialenak diren langileak ez dituzte saritzen edo babesten; alderantziz, ikusi da enpresaburuek selektiboki erasotzen eta zapaltzen dituztela langilerik sumisoenak.

Langile horiek erakusten duten leialtasuna "sakrifizio pertsonalerako" prestutasunaren erakusle da nagusientzat, eta haiek, egoeraz baliaturik, gainontzeko langileak baino gogorrago esplotatzen dituzte. Aldiz, kontrakoa gertatzen da erresistentziarako eta antolakuntzarako jarrera erakusten duten beharginekin.

Ikerketak kausalitatezko harremana erakusten du nagusiekiko leialtasunaren eta esplotazioaren intentsitatearen artean. Are gehiago, "leialtasuntzat" baino, "otzantasuntzat" jotzen dute enpresariek langile horien jarrera

Ikerketak, beraz, kausalitatezko harremana erakusten du nagusiekiko leialtasunaren eta esplotazioaren intentsitatearen artean. Are gehiago, "leialtasuntzat" baino, "otzantasuntzat" jotzen dute enpresariek langile horien jarrera, eta, ondorioz, etekinak handitzeko aukera bat gehiago dela ulertzen dute. Egoera hori maiz bihurtzen da gurpil ero bat, non langilea harik eta otzanago aurkeztu, orduan eta exijentzia handiagoak eskatzen baitzaizkio, bai eta are otzanago izan dadin ere.

EZ DAGO IRUZKINIK