AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/24 09:42

Salbuespen egoera aurrera doan heinean, gora doaz enpresek Hego Euskal Herrian aurkeztutako aldi baterako lan-erregulazio txostenak -ERTE direlakoak-. Dagoeneko 8.250 dosier daude mahai gainean, eta 52.213 beharginen lanpostuak jopuntuan. Duela hiru egun 4.300 txosten zeuden martxan, baina kopurua bikoiztu da azken egunotan.

Bizkaia izango dira erregulazio gehien, 3.921, eta 25.073 langileri eragingo diete. Gipuzkoan 2.203 txosten osatu dituzte, 16.490 langile barne-bilduz. Araban 1.116 dira dosierrak, eta 9.650 horien eraginpean dauden beharginak. Nafarroan, aldiz, 1.000 erregulazio inguru aurkeztu dituzte momentuz, 5.000 langileri eragingo dietenak.

Gasteizko (Araba) eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin fabriketan gaur, martxoak 24, sartuko da indarrean lan-erregulazioa. "Pneumatikoak ekoizten jarraitu ahal izateko beharrezko produktuen gabezia" dela-eta hartu du erabakia zuzendaritzak.

AUKERA BAKARRAK

Naiz-en arabera, soldatapean lan egiten dutenen %5 daude erregulazio dosierren eraginpean; gainontzeko jarduna martxan da. Hainbat lantokitan salatu dute beharginek enpresek ez dituztela Covid-19aren birusa ez hedatzeko eta haiek babesteko gutxieneko neurriak bete, eta hala ere, Eusko Jaurlaritzak edota enpresek berek planto egin duten langile ugari behartu ditu ekoizpenarekin jarraitzera. Esaterako, horixe da Sidenor edota Tubacex enpresen kasua.

Testuinguru honetan, Confebaskek eta hura osatzen duten erakundeek -Adegi, Cebek eta Sea- "agente sozialen arteko paktu sozial" bat galdegin zuten iragan astean, "ahalik eta jarduera gehienari eusteko".